Baserrien izena eta zein distantziara dauden adierazteko seinale berriak jarri ditu Udalak auzo guztietan Erauskin (Beasainmendi) auzoan ezik
Belardi eta landa eremuak garbi edukitzeak udalerriari eta lurrari egiten dion onura kontutan harturik, lan hauek burutzea aspaldiko eginkizuna zuen Udalak. Denbora batez etenda egon bada ere berriro heldu dio Udal gobernuak eginkizun honi. Honela, Beasainmendiko lehen sektoreari zor zaion errekonozimendua dela eta burutu dira Etorlur landa ingurunea eta lurralde oreka sustatzen duen elkartearen bidez aipatutako garbiketa lanak.
Usurbe baserrian, etxez goiko eremuan kokatzen diren malda edo bizkarrean dauden zelaietan burutu dira sastraka eta oteak kentzeko lanak. Baserri hau ezaguna da bere nekazaritza eta abeltzaintza jarduerari esker zein herriari begira daukan mendi malda garbiaren kokaguneari esker. Honela, belardi eremu hauetan ganadu mota ezberdinak ibiltzeko aukera baliatzen da. Eremu hau garbi edukitzeak Beasaingo Udal herriari egiten dion onura kontutan hartzen da eta auzoaren lehen sektoreari errekonozimendua egiten zaio.
Baserrien seinaleztapen berria
Bestalde Udalak baserrietara iristeko seinaleztapena burutu berri du. Erauskin edo Beasainmendi auzoan ezik (jada jarrita zeudelako) gainontzeko udalerriko baserrietara iristeko seinaleak jarri dira. Errepide nagusitik baserria dagoen tokiraino kokatzen dira kasu bakoitzean eta seinaleetan baserriaren izena eta distantzia adierazten dira.
Beasaingo Udalak honela bertako ondareak eta izanak duten balioa ikustarazi nahi du. Antzinako izatearen lekukotza bistarazi eta leku zein eraikinek duten jatorrizkotasunari garrantzia eman. Ondarea gizarteratuz, izana eta izena lotzen dira eta aipamen honek garenari eta nortasunari garrantzia ematen dio.
Guztira 78 seinale jarri dira baserrietara iristeko bidea erakusten dutenak. Ondorengo auzoetan kokatu dira; Matxinbenta, Astigarreta, Garin, Arriaran, Salsamendi, Gudugarreta, Ugartemendi, Zunzunegi, Pagorriaga eta Loinaz auzoa. Aurrekontua 28.917,27 eurokoa izan da.