Hiru hilabeteko iraupena izan dute lanek eta aurreikusita zeuden aparkaleku plazak baino bi gehiago sortu dira pintaketa lanak amaitzean, beraz 16 dira guztira sortutako aparkalekuak
Legegintzaldi hasieran Udal gobernuak eskatutako trafiko azterketan atzemandako beharrei erantzunez burutu diren lanek inguru honen eraberritze sakona ekarri dute
Halaber, Garmendia Otaola kaleko aldapan berritu den espaloi zatia seguruago eta irisgarriago bilakatu da egindako berrikuntzarekin
Aurre ikusita zeuden denborak betez, amaitu dira Martin Aranburu eta Zapatari kaleak bat egiten duten eremua. Etxebizitzak hornitzen dituzten zerbitzuen saneamendu sarea guztiz eraberritu da eta irisgarritasuna bermatzen duten beharrezko aldaketak gauzatu dira. Hori gutxi balitz, aurre ikusita zeuden aparkaleku plaza kopurua handitu egin da; 14 plaza berri sortzea espero bazen pintaketa lanak amaitzean bi gehiago sortu dira, beraz guztira ibilgailuentzako 16 plaza berri sortu dira eremu honetan.
Maiatzean hasi ziren lanak eta azken asteetan asfaltoaren pintaketak eta falta ziren seinaleak jarri dira. Hiru hilabeteko epean amaitzea aurre ikusi zen eta halaxe gertatu da.
Trafiko azterketari erantzunez egindako lanak
Aparkaleku plazen kopurua gehitzeko helburua bete da. 2015ean udal gobernuaren aginduz egindako trafiko azterketak herriko inguru honetan ibilgailuentzako aparkalekuen beharra agerian utzi zuen. Udalak beste zenbait lekuetan egindako esku hartzeen ondotik, aipatu eremuaren txanda iritsi zen. Ondorioz, exekuzio proiektuan agertzen diren obrak, Zapatari kaleko biribilgunetik gora doan aldapako errepidean eta Martin Aranburu kalearekin gurutzatzen den eremuari eragin diote. Hau aprobetxatuz, Martin Aranburu kalean eraberritze lanak egin dira eta ondorioz zerbitzu sarearen berrikuntza osoa gauzatu da. Era berean, espaloiak errepidearen maila berean kokatu dira irisgarritasuna hobetuz eta oinezko eta ibilgailuentzako espazio partekatua bihurtu da.
Kontutan izan behar da kale honetako etxebizitzak hirurogeigarren hamarkadan eraikiak izan zirela eta orduz geroztik ez zela zerbitzu sarean aldaketarik egon. Ur kontsortzioak bere gain hartu du urak biltzeko sarearen berrikuntza lan guztia (ur zikinak biltzeko sarea eta ur hornikuntza sarea).
Garmendia Otaolako espaloi zatia berritua
Esleipen honetan, Garmendia Otaola kaleko espaloi zati bat berritzeko lanak ere txertatu ziren. Hondatuta zegoen zatia berritzeaz gain, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetu dira eremu honetan. Izan ere oso leku irristakorra izan da orain arte espaloi zati hau eta beharrezkoa zen aldaketa egitea. Berritu diren azken espaloietan bezala, asfalto inprimatu koloreztatua erabili da. Bere ezaugarriengatik, mantenu aldetik kostu urria du.