Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Oria ibaiaren ur-goraldiei aurre egiteko lanak abiarazteko hitzarmena sinatu da

2020/02/06

Beasaingo Udalak, CAFek eta URAk sinatutako hitzarmenaren ondorioz, CAF inguruan eraikinak eraitsi, Oria ibaiaren ibilgua zabaldu eta bideratzeko lanak finantzatzen eta gauzatzen laguntzeko konpromisoa hartu dute hiru erakundeek

Hitzarmenari esker hartuko diren neurriek uholdeen ondorioz sortzen diren kalteak ekiditeko balioko dute eta eginkizunen barruan, Beasaindik enpresarako sarbide nagusirako zubia ordezkatzea, bulego eta eraikinak lotzeko pasabide bat egitea eta tren-enpresak bulego berriak eraikitzea sartzen da

Beasaingo Udalak, CAFek eta URAk Oria ibaiaren ur-goraldiei aurre egiteko lanak gauzatzeko hitzarmena sinatu dute. Obra horien barruan sartzen dira, besteak beste, Oria ibaiaren ibilgua zabaltzea eta ondorioz, ibaiaren ezkerrean dauden eraikinak eta zubia eraistea, zubi berria eraikitzea eta ingurua berurbanizatzea. 

Era berean, hitzarmenari esker, CAFera ibilgailu arinak eta oinezkoak sartzeko zubi berria eraiki ahal izango da; baita bulego eraikin bat egin eta egokitu ere errekaz bestalde fabrikaren eremuan, botako direnak ordezkatzeko helburuarekin.

Uraren Euskal Agentziak sinatutako hitzarmenaren baitan konpromiso hauek hartzen ditu: aurreko lan horiek guztiak barne hartzen dituen proiektua aurkeztea; eraikinen eraispena eta egin beharreko obra hidraulikoak egitea; proiektu horretan sartutako obrak kontratatzea; aipatutako obrak teknikoki zuzentzea eta ikuskatzea, eta obren kontratazioaren kostuaren % 50a finantzatzea eta ordaintzea, milioi bat euroko inbertsiora arte.

Bestalde, Udalak hartu dituen konpromisoak hauek dira: CAFen lursailetan eta jabetzetan aurreikusitako obra hidraulikoen ondorioz suertatuko diren eraginak erregularizatzeko beharrezkoak diren hirigintza-dokumentuak izapidetu eta onartzea (adibidez, eraikigarritasuna handitzea eraitsiko diren eraikinen galera konpentsatzeko);  eta obrak kontratatzeko kostuaren% 50a finantzatzea eta ordaintzea, milioi bat euroko inbertsiora arte.

Azkenik, CAFek hartu dituen konpromisoak haue dira: bere jabetzako lursail eta eraikinak Uraren Euskal Agentziaren esku jartzea, Oria ibaiaren ezkerreko ertzean (proiektatutako obra hidraulikoen eraginpean daudenak), bai eta bulego berriak gaitzeko obrak egin eta ordaintzea.

Beasaingo Arrisku Potentzial Handiko Eremua

Hitzarmen honen ondorioz egingo diren lanek, Beasainen Oria ibaiaren ertzetan, “CAFeko industria-instalazioen parean dauden lursailak uholdeen arriskutik babesteko konponbidea aurkitzeko balioko dute. Izan ere, Ur Agentziaren arabera, eremu hau Uholde Arrisku Handiko Eremu gisa ezagutzen den horretan daude. Orain artean CAF berak eta bertako bizilagunek pairatu dituzte uholdeek eragindako kalteak, azkenak 2008an. Hitzarmen honen ondorioz hartuko diren neurriak guzti hori ekiditea ekarriko dute” dio Beasaingo alkatea Aitor Aldasorok.

Ingurunean aplikatzekoa den Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak (UAKP) aurreikusten du ibaiaren ezkerreko ertzean dauden eraikinak eraitsi behar direla (horiek oztopo handia dira uren jario askean), ibilgua zabaldu behar dela eta, ondorioz, egungo bi zubien ordez sekzio handiagoko beste batzuk jarri behar direla.

Nahiz eta jarduketa horiek UAKPn 2021-2027 epemugarako aurreikusten diren, Planak berak aurreikusten du jarduketa puntualak aurreratzeko aukera, banakako eraginkortasunagatik eta aukera-arrazoiengatik (Beasainen gertatzen direnak, esaterako: CAFek URAren esku jarri ditu lurzoruok, lanokin jardun ahal izateko eta, hala, Oriako ur-goraldi  errepikariengandik ingurune osoa defendatzeko). Dena dela, Beasaingo UAHEan (Uholde Arrisku Handiko Eremuan) saihestu beharreko kalte guztiei aurre egitek, lan gehiago egin beharko dira etorkizunean ere.

porteria ura caf 20200206 1porteria ura caf 20200206 1