Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Erabilitako pilak biltzeko bi edukiontzi berri gehiago

2021/05/10

Ezkiaga etorbidean eta Gipuzkoa plazan jarri dira eta hauekin udalerria osatuta geratzen da

Pilak biltzeko Beasaingo udalerrian dauden edukiontzi guztiak zahar-berritu ondoren, herria osatzeko falta ziren bi jarri berri ditu Sasieta manakomunitateak. Joan den ostiralaz geroztik kokatuta daude Ezkiaga etorbideko 12. zenbakian eta Gipuzkoa plazan Lanbideko bulegoen aurrean. 

Honela bada eta bi hauekin guztira zortzi dira udalerrian zehar barreiaturik erabilitako pilak biltzeko jarrita dauden edukiontziak. Bi hauetaz gain joan den otsailean margotu eta txukundu zirenak sei izan ziren eta honako leku hauetan kokaturik daude; Usategi kalean (Igartza futbol zelaian), Barrendain plazan Adif-eko geltokian, Mariarats kalean Murumendi eskolan, Senpere merkatal zentroan, Erauskin plazan eta Zapatari kaleko biribilgunearen ondoan. 

Hondakinen banaketari Udalak ematen dion garrantzia bere agintealdirako hartutako konpromisoetan jasota dago. Birziklapen helburuei lotuta egun Beasain udalerri gisa hondakinen banaketan %76a iritsita dago. Herritarrei banaketa lan horretan jarraitzeko kontzientziazioan darrai, hargatik kutsakorrak izan daitezken erabilitako pilen bilketa errazteko udalerri osoan zabaldu ditu edukiontziak. 

Zer utzi daiteke pilen edukiontzietan

Pilak uzteko edukiontzietan edozein eratako pilak eta bateriak utzi daitezke. Inoiz ez dira pilak utzi behar birziklagarria ez den errefusarekin batera. Pilak uzteko edukiontzietan ez dira telefonoen kargadoreak eta urrutiko kontrolen gailuak utzi behar. 

Pilen ondorio kutsatzaileak

Pila horien kutsaduraren tamaina irudikatzeko, aski da jakitea horiek eragiten dutela etxeko zaborretan merkurioaren % 93, baita zinkaren % 47, kadmioaren % 48 eta nikelaren % 22 ere.

Zabortegietan pilatuta, denborak aurrera egin ahala, pilek galdu egiten dute babes-karkasa, eta metalak eta haien osagaiak isurtzen dira, eta, azkenean, kutsatu egiten dira lurzoruko lurpeko urak; horrela, gizakiak elikatzeko erabiltzen duen elikadura-kate naturalean sartzen dira. Kalkuluen arabera, merkurio botoi-pila batek, erloju edo audifonoetan erabiltzen ditugunak bezalakoak, 6.000 mila litro ur kutsa ditzake, pila alkalinoa 167.000 litro, zink pila 12.000 litro eta ikatz pila 3.000 litro.

Kutsadura-prozesu hori luzea izan daiteke eta 500 urtera irits daiteke. Hala ere, euriak, beroak eta lurzoruaren azidotasunak pila deskonposatzeko prozesua bizkortzeko joera dute, eta horrek ondorio kaltegarriak ditu ingurumenean eta lurzoruan. Horrela, pila lurrean degradatzen denean, oso kutsagarriak diren elementuak askatzen hasten da, hala nola merkurioa, litioa, beruna edo kadmioa. Elementu hauek, lurrarekin edo urarekin kontaktuan jartzean, planetarentzat oso kaltegarria den degradazio prozesu bat hasten dute.

Guzti honegatik zeharo garrantzitsua da pilak edukiontzi berezi hauetan uztea. Ingurumenarekiko dugun erantzukizunaz jabetu behar dugu. Guztion artean, bilketa selektibo baten eta pilak modu eraginkorrean birziklatzearen bidez lor dezakegu. Pilak birziklatze-planta batera eraman daitezke, eta bertan metal astunak beste metal batzuetatik bereizten dira eta gainerako materialak berreskuratu egin daitezke. (info: Ecolec)

Beasain 2021 05 07 Ezkiaga Etorbidea 12Ezkiaga Etorbidea 12n kokatu dena Beasain 2021 05 07 Gipuzkoa plaza LanbideGipuzkoa plazakoa, Lanbide parean