Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Oriamendi kalea eta Erauskin plaza eraberritzeko lanak hasi dira

2022/02/08

Lan hauen helburua, zirkulazio erreiaren zoladurak dituen eraikuntza arazoak konpontzeaz gain, aparkalekuen eta espaloien diseinua hobetzea da

Erauskin plazan ekin zaio prestaketa lanari, edukiontziak lekuz aldatu dira behin-behinekoz eta makinak asteazkenean sartuko dira

Oriamendi kalea eta Erauskin plaza eraberritzeko obren prestaketa lanei hasiera eman zaie. Hondakinen edukiontziak lekuz aldatu dira behin-behinekoz Erauskin plazan eta lehen lan eremuak hesiekin mugatu dituzte. Horrela, Erauskin plaza eta Oriamendi hasiera izango dira lehen esku-hartzeen eremuak, asteazkenean makinak sartuko direlarik.

Funtsean, hauek dira burutuko diren lanak. Egoera kaxkarrean dagoen ibilgailuen erraila konponduko da Oriamendi 3-30-ean. Aurretik egindako eraberritzean errodadura-erreiaren oinarria ez zen behar bezala trinkotu, eta ondorioz, zulo handiak sortu dira, adabaki puntualekin konpondu ezin direnak. Hargatik, zoladura altxatu eta azpian dagoen oinarria sendotuko da ondoren zabalera osoko berasfaltaketari ekiteko. Trafiko ikuspegitik, galtzadaren diseinu berrantolaketa egingo da eremu honetan, ilara eta bateriko aparkalekuen zabalera egokituz eta baita ibilgailuen erraila zabalduz ere.

Esku hartze hau baliatuz, oinezkoen guneetan tokian tokiko hobekuntzak egingo dira bidegurutzeen segurtasun maila hobetu eta hiri paisaia aberasteko. Oriamendi-Nekolalde ardatza edota Oriamendi-Foru bidegurutzea izango dira honen adibide.

Espazio publikoa hobetzea

Erauskin plazan aldiz, dauden edukiontziak birkokatuko dira Urbi-etxeko beheko aldean dauden saltokiei ikusgarritasun handiagoa eta itxura hobea emateko. Aspaldi egindako eskaera da, eta hobetzeko aukera du. Era berean, Ur Kontsorzioaren eskutik, eremu honetako ur hornidura eta saneamendu hoditeriak eraberrituko dira, baita Oriamendi 40-47 tartekoak ere, ondoren  asfaltua berritzeko aprobetxatuz.

Esku hartze hau, denbora gutxian eremu honetan egingo den hirugarrena da. Lehena, Nafarroa etorbidea eta Oriamendi arteko igogailuarena izan zen, Abendutik zerbitzuan dagoena. Ondoren, martxan dauden erretiratuen etxeko lanak etorri ziren eta orain, Oriamendi eta Erauskin plaza berritzeko lanak abiatu dira. 

Udal espazioen moldaketa eta hobekuntza udal gobernuaren legegintzaldiko kudeaketa planean jasota dago. Akupuntura urbanoaren filosofiari jarraiki, espazioen hobekuntzak eta berreskurapenak, herritarrengandik hurbilen dagoen ingurunea hobetze du helburu, herritarren ongizatean eta bizi kalitatean eragina izan dezan.

Lanak osotasunean Mariazcurrena enpresari esleitu zaizkio, lizitazio prezioa 572.609,02 (+ BEZ) eurokoa da eta egikaritze epea 5 hilabetekoa.