Azpiegitura Beasaingo erretiratuen elkartearekin lankidetzan diseinatu eta eraiki da, haien behar nagusiei erantzunez
Gaurko inaugurazioarekin, ofizialki ireki dira Urbiberri izenarekin bataiatutako gizarte egoitza berriaren ateak (lehen erretiratuen etxea deitzen zena). Izena, orube honetan antzina kokatzen zen Urbi baserriaren izenetik hartu du egoitzak.
Beasaingo erdigunean kokatua dagoen zentro berriak beharrezko zerbitzu guztiak ditu, eta erretiratu beasaindarren elkartearekin aztertutako eta adostutako beharrei erantzuten die.
Solairu bakar batean, eta Nafarroa etorbidea eta Oriamendi kalea lotzen dituen igogailu berriaren bidez egoitzara heltzeko irisgarritasuna bermatuta, udal gobernuak hartutako beste konpromiso bat bete da.
Herritarren beharrei erantzun
Inaugurazio ekitaldian, herritar ugari eta elkartekideez gain, udal ordezkariak eta Leire Artola alkatea izan dira. Alkateak herritarren ongizatean eragina duten zerbitzuak eta azpiegiturak ematearen garrantzia eta konpromisoa nabarmendu ditu, hori gobernu taldearen eguneroko eta etorkizuneko agendako eginkizunen artean aurkitzen baita.
Udal agintariak adierazi duenez, herritarren ongizatea agintealdiko oinarrietako bat izanik, udal gobernuak beasaindarrei bizi-kalitate hobea eskainiko dien udalerri bat eraikitzeko proiektuak eta estrategiak garatzen jarraitzen du, arreta berezia jarriz eta kasu honetan azpiegitura berri honen xede den elkartearen beharrizan partikularrei erantzunez. Horregatik, zentro berria diseinatu eta eraikitzeko orduan, beasaindar erretiratuen elkartearekin elkarlanean aztertu eta adostutako beharrei erantzun zaie.
Bestalde, Jose Antonio Guirado Urbiberri zentro berria kudeatzeaz arduratzen den elkarteko presidenteak adierazi duenez, egoitza berriak aurreko eraikinean eskaintzen ziren zerbitzuak eta tailerrak eta sor daitezkeen berriak hartuko ditu, beti ere, zahartze aktiboa sustatzen duten jarduerak aurrera eraman ahal izateko. Era berean, egoitza berriak bazkide “gazte” berriak erakartzeko baliagarria izatea espero duela azaldu du. Ekitaldian ere izan da Gipuzkoako Jubilatuen eta Pentsionisten Elkarteko presidentea Felix Elkoroiribe. Honek egoitza berria goraipatu eta eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatzeko desioa azaldu die bertaratuei.
Espazio guztiak solairu bakarrean
Egoitza, instalazio berri eta modernoez osatua, lau ikasgela, eskulanen tailerra, ileapaindegia, podologia gela eta batzarretarako bulegoa ditu besteak beste. Horrez gain, hiru bainugela ditu, horietako bi egokituak eta kanpoaldean terraza handi bat. Nola ez, taberna ere badago, bazkideei ezezik gainerako herritarrei ere zerbitzua eskaintzeko irekita egongo dena.
Egoitza 650 metro karratu inguruan banatuta dago, garai berrietara egokituta solairu bakar batean banatuta dago, irisgarritasuna bermatuz. Proiektuaren egilea Miguel Perez arkitektoa izan da, eta seiehun mila euro inguruko kostua izan du.