Beasaingo udalerrian Agauntza, Eztanda eta Oria ibaietako landare inbaditzaileak erauztea, landaketa berriak egitea eta zaborrak garbitzea Aranzadi zientzia elkarteari esleitu dio Udalak
Dibulgazio eta herritarren parte-hartze saioak burutuko dira ibaia garbitu eta landare inbaditzaileen arazoaz sentsibilizatzeko
Herria txukun mantendu eta natur ondarea babestea ezinbestekoa da Beasaingo Udalarentzat, herrian eta herritarren ongizatean eragin zuzena duelako. Ingurumenaren babesa eta klima-aldaketaren aurkako borroka konpromiso propiotzat hartua dauka tokiko erakundeak eta helburu horri lotzen zaio gobernu batzordean hartu den azken erabakiak.
Helburu nagusia, Beasaingo erreken biodibertsitatearen kontserbazio egoera hobetzea da eta bat dator bete betean Euskadiko Biodibertsitate estrategiarekin, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiarekin eta Ingurumen Esparru Programarekin. Agauntza ibaia, gainera, Garrantzi Komunitarioko Lekua (GKL) da, bertan bisoi europearra bizi daitekeelako. Dena den, gaur egungo ibarbasoaren kalitatea eskasa da.
Esleipen honekin, udalerriko ibaietako landarediaren mantenua bere plangintzaren barne hartzen du Udalak baita garbitasunaren ardura ere, ingurumena zaindu eta etorkizuneko Beasain eraiki eta babesteko ardurari eutsiz.
Hori horrela, Beasaingo udalerrian Agauntza, Eztanda eta Oria ibaietako landare inbaditzaileak erauzteko, landaketa berriak egiteko eta zaborrak garbitzeko zerbitzua lizitaziora atera ondoren, gobernu batzordearen azken bilkurak, Sociedad de Ciencias Aranzadi Zientzia Elkartea enpresari esleitzea erabaki du. Urteko esleipen prezioa 39.273,99 eurokoa izango da (BEZ barne). Egikaritze epea aldiz, bi urtekoa eta bi urtealdiko luzapenak egiteko aukerarekin.
Zabor garbiketa
Zabor bilketari dagokioenez, Agauntza, Eztanda eta Oria ibaietako 8km linealetako zaborra jasotzea izango da helburua. Horretarako langileak ibai ertzeetara jaitsiko dira eskuzko garbiketa bat egin, zaborra gaika bereiztu eta pisatu ondoren Beasaingo garbigunera eramateko.
Ibarbasoaren leheneratzea: landare inbaditzaileen erauzketa eta landaketa berriak
Lanak hasi aurretik, espezie inbaditzaielen kartografia eguneratuko da, Aranzadiko Botanika Sailaren zuzendaritzapean. Lau urtetan kalte ekologiko handienak eragiten dituzten lau espezietan zentratuko diren arren, espezie autoktono guztiak kartografiatuko dira. Edozein kasutan, eraldatzaileak diren espezieak lehenetsiko dira erauzketan, behin aterata landareak erre eta hondakin guztiak deuseztuko dira.
Landaketarako gune egokienak aukeratu ondoren,urteko gutxienez 200 ale landatuko dira, espezie nagusiak, haltza, sahatsa, lizarra eta urritza izanik.
Dibulgazioa eta auzolana
Guztira herritarren bi parte hartze jardunaldi egingo dira. Lehenean, Ibaiaren garbiketa lanetan, Aranzadiko teknikariek herriko ibaiek jasotzen dituzten zaborraren inguruko sentsibilizazio hitzaldi bat emango dute, ondoren ibaira jaitsi eta zabor bilketari ekiteko.
Bigarrena, landare inbaditzaileen erauzketarena izango da non Aranzadik ibaian dagoen landarediaren azalpen batzuk emango dituen. Hitzaldiaren ondoren, teknikariak ibai ertzera zuzenduko dira bolondresekin batera landare inbaditzaileen eskuzko erauzketa egiteko. Sentsibilizaziorako saio hauek udaran emango dira, datak eta ordutegiak behin lanak hasita zehaztuko direlarik.