Herriko beste jolas guneekiko eskaintza bereizgarria egiten du Trenbidekoak, non kubo egitura eskalagarriak, bizikleta karrusela eta kolunpio inklusiboak nabarmentzen diren
Esku-hartzea, euri uren jasotze sistema berritu eta haurrak errepidetik babesten dituen segurtasun itxitura jartzeko baliatu da
Beasaingo Udalak udalerriko haur-parkeak eraberritzeko lanean jarraitzen du. Aldez aurretik iragarri bezala, aste honetan amaitu dira Trenbide kaleko haur parkea berritzeko obra eta hornidura. Parkeak zituen gabezi eta berrikuntza beharrak kontutan hartuta Udalak egindako esku-hartzea izan da. Orohar haur orori egokitutako jolasak kokatzeaz gain, pertsona ororentzako erakargarria izateko azpiegitura eraiki nahi izan da, horrela adierazi dute aho batez parkearen aukezpenean Leire Artola alkateak, Jon Eskisabel udal teknikariak eta Roberto Alonso lanen ardura izan duen enpresaren ordezkariak.
Dolarea parkean egindakoaren segidan etorri da Trenbide kalekoa eta hemen ere, eskaintza bereizgarri bat egin nahi izan du Udalak, hobekuntza eta mantenu lanek duten garrantziaren jakitun. Akupuntura urbanoaren filosofiaren ildotik, espazio honetan esku-hartuz ikusgarritasuna eta balio erantsia eman zaio guneari, aisialdirako leku bezala indartuz.
Hobekuntza eta segurtasun lanak
Jolas berrien instalazioaz gain, zenbait hobekuntza lan burutu ditu Udalak. Aurreko parkeak zituen hezetasun arazoak saihesteko eta parke azpiko garajeei kalterik ez eragiteko, euri urak jasoko dituen kanaleta perimetrala jarri du Udalak. Bestalde eta segurtasunari dagokionez, haurrak errepidetik babesteko, lerrokadura horretan segurtasun hesia instalatu da. Hesia instalatzeak bertako lorontziak kentzea ahalbidetu du eta gune horretako oinezkoen bidea zabaltzea, honela neurri egokia duen pasabidea utziz.
Jolas parkearen ezaugarriei dagokionez, haur parkeak 230 m2 azalera du, indarrean dauden arau eta legediaren arabera jarri dira jolasak elementuen arteko distantziak bermatuz. Berdin segurtasun zoladura, honen lodiera eta ezaugarriak betez. Materialen iraupen denbora luzatzeko eta mantenu lanak murrizteko, joku guztien egitura altzairu galvanizatuan burutu da.
Joko bereizgarriak
Jarritako jokoak hauek dira; diseinu amerikarra duen kuboez osatutako joku espazial modularren multzoa, 33 erabiltzaile hartzeko gai dena eta gaitasun inklusiboduna. Kubo bakarrak osatzen duen joku espaziala, 4 erabiltzaileentzako eta hau ere gaitasun inklusiboduna. Bizikleten karrusela, 3 eta 5 urte bitarteko haurrei zuzendua eta 8 erabiltzaileentzako tokia duena. 5 eta 12 urte bitarteko haurrei egokitutako 2 kolunpio modulu; batean tamaina handiko saski-eserlekua (inklusiboa) eta beste moduluan ainguratze arnesdun eserlekua eta kolunpio eserleku arrunta.
Jolas parkearen erabilera adina 2tik 14 urte bitarterako da. Jokuen eta segurtasun zoruaren gauzatze epea 2 asteko izan da. Dolareako jolas parke-inklusiboa eta Trenbide kaleko haur parkea berritzeko obra eta hornidura, Hags Swelek, S.A. enpresak burutu du. Esleitutako kontratuaren zenbatekoa 131.488,00 euro (+ BEZ) izan da.
Haur parkeei lotuta ez da burutuko den obra bakarra izango. Martxoan amaituko dira ondo bidean Ixabel Olano parkeko lanak. Honi jarraituz, Ezkiagako haur parkean ere zenbait joko berri txertatuko dira eta Barrendain plazako haur parkea izango da hurrena.