Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Kale asfaltaketak, futbol zelaiko belar aldatzea eta Zazpiturrieta kaleko lanak udan hasiko dira

2017/06/13

Gobernu batzordean lanen kontratazioak onartuta, uda honetan burutuko dira herriko kaleen asfaltatzeak, Loinaz futbol zelaiko belar aldatzea eta Zazpiturrieta kalea berrurbanizatzeko obrak

Lanen kontratazioak aho batez onartuak izan ziren Loinaz futbol zelaiko belar aldaketarena ezik, honetan EHBildu abstenitu egin zen

Udal gobernuak urte sasoi honetarako aurreikusita zuen moduan, hirigintza alorrean zeuzkan lanak burutuko ditu. Herritarren beharrei erantzunez, beharrezkoak diren azpiegitura eta berrikuntza lanak eginez jarraitzen du. Honela beraz, eta azken gobernu batzordean hartutako erabakien ondotik hiru obra garrantzitsu gauzatuko dira datozen hilabeteetan eta lanen garrantzia eta lehentasunaz jabetuta, Udalak aurrez ezarritako denbora epean gauzatu ditu kontratazioak.

Futbol zelaiaren zoladuraren aldaketa egiteko eskaeraren aurrean egindako kudeaketak zeuden premia eta beharrei erantzunez burutu dira. Erabiltzaileen gehikuntzak hala behartuta, zelaiaren erabilera eta aprobetxamendua handitzeko beharrezkoa zen Beasain KEaren eskaerari erantzutea, hots, Loinatz udal futbol zelaiko zoladura belar artifizialagatik aldatzea. Honela bada, aldaketa hori eta drainadura eta erregadiatzeko sistema berritzea eta tribunaren atzealdeko gunean egingo diren obren kontratazioa ALVAC S.A. enpresari esleitu zaizkio 434.092,71€ko (+BEZ) prezioan eta bi hilabeteko epea izango du lanak amaitzeko. Zelaiko lanak futbol denboraldia amaitu bezain pronto hasiko dira. Hala ere, tribunaren atzealdeko obrak ezin izango dira hasi datorren irailaren 15a arte. Proposamen honek EAJ eta PSEren onespena jaso zuen eta EHBilduren abstentzioa.

Herritarren beharrei erantzuten jarraituz, eta Udal gobernuarentzat gune eta zenbait kaleen berrikuntza beharrei entzunez, Zazpiturrieta kalearen berrurbanizazio lanak gauzatzeko lanen kontratazioa gauzatu da. Honekin batera aurtengo asfaltatze kanpainaren barruan, herriko zenbait kale asfaltatzeko lanak ere kontratatu dira. Bi hauek aho batez onartuak izan ziren. Zazpiturrieta kalean, mendiaren kontrako espaloi zatia kendu eta etxeetan dagoena zabalduko da eta asfaltatze eta saneamendu zerbitzuak berrituko dira. Honela oinezkoentzako ibilbidea handitu eta errazteko. OTEGI-GAZTAÑAGA enpresak burutuko ditu 211.323,86€ko (+BEZ) prezioan eta lanak burutzeko epea bost hilabete terdikoa izango da. Lanak uztailaren lehen hamabostaldian hastea espero da.

Kale asfaltatzeari dagokionez, aurtengo kanpainaren barruan kale hauek asfaltatuko dira; Mariarats kalea (3, 2 parking eta Murumendi eskolako sarrera), Esteban Lasa kalea (3, 5, 2C, 2A), Andra Mari kalea (9, 11, 13, eta La Salle aurreko plataforma), Joan Iturralde kalea (11, 5, 7), Erauskin 10, Andre Mari 53, Zaldizurreta (1, 3, 5, 7 eta 11, 13, 15, 17 blokeak). Lan hauek Asfaltos Urretxu S.A. enpresak egingo ditu 135.948,41€ (+BEZ) prezioan eta 17 lanegunetan burutuko ditu, uztailaren 17tik abuztuaren 11ra bitartean.