Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Zazpi adierazpen panel gehiago kokatu ditu Udalak iragarkietarako

2017/07/07

Orain jarritakoekin guztira 17 dira herrian zehar toki estrategikoetan kokatu diren panelak iragarkiak, kartelak eta oharrak jarri ahal izateko. Udalaren helburua, herritarrei oharrak, kartelak… ezartzeko eremu egokiak eskaintzea da, kaleak eta paretak txukun eta garbi mantentzeko.

Herriko kaleak eta batez ere paretak txukun eta garbi mantentzeko asmoz, Udalak iragarki eta kartelak edonola pilatuta egoten ziren herriko hainbat tokitan adierazpen panel berriak jartzea erabaki zuen, herritarrek euskarri aproposak izan zitzaten. Honela, eragile, elkarte zein norbanakoek iragarkiak edozein modu eta tokitan jartzeko aukerari irtenbidea eman nahi izan zaio.

Urte hasieran egin zen lehen fasean, guztira 10 adierazpen panel kokatu ziren paper, ohar eta iragarki gehien jartzen diren tokiak eta paretak identifikatu ondoren. Azken aste honetan berriz, aurreikusita zegoen moduan beste 7 adierazpen panel berri kokatu dira bigarren fasean. Guztira honela 17 izanik kokatu direnak.

Egun beraz, 17 panel hauek ondorengo tokietan aurkitzen dira: Zubimuzu plaza ondoan, J.M. Iturriotz  kalea 1, Bideluze plaza, telefonikako eraikinaren ondoan, Ezkiagako frontoiaren aldamenean, Erauskin plazan bi, Nafarroa etorbidearen hasieran, Gernika pasealekuko frontoian, Igartza oleta kalean, Oriamendi kalea 3 zbk.  parean, Oriamendi kalea 17 zbk. parean, Garmendia Otaola (bidegurutzean), Kiroldegian, Barrendain plazan (esne makina), Barrendain plazan (autobús geltokian), Kikara taberna inguruan, Atanes-en dendan.

Adierazpen panelen erabilerarako irizpideak hauek dira; elkarte zein herritarren oharrak eta iragarpenak jartzeko bakarrik erabiltzeko izango dira eta hauetatik kanpo inguruan jartzen direnak kenduko dira. Iragarpenak hamar egunez jarrita egon ahal izango dira eta orain arte bezala astelehen eta ostegunetan kenduko dira berriei lekua utzi eta erabilera egokia bermatzeko.