Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Igartza jauregiko estalkia berritzeko lanak abuztuan

2017/07/28

Estalkiaren egoera ez da egokia eta ur filtrazioak gertatzen zirenez berritu egingo da iragazgaiztasuna bermatzeko eta bide batez ere hobekuntzak egingo zaizkio. Eguraldia lagun (baldintza ezinbestekoa), abuztuaren 7an hasiko dira lanak eta 11an amaitu eta bitartean jauregiko patiora ezingo dira bisitak sartu. Gauzak horrela, Berriketan taldearen kontzertua Gernika pasealekuan aurreikusia bazegoen ere Igartzako jauregian eskainiko da abuztuaren 3an

Igartzako jauregiaren estalkiak ematen zituen arazoak konpontzeko lanek badute hasiera data; abuztuaren 7tik 11ra bitartean burutuko dira eguraldia lagun. Izan ere, nabarmenak ziren atzemandako akatsak, batez ere estalkiaren egoerarengatik ur filtrazioei dagokienak. Estalki berezia da Igartza jauregikoa. Puzgarri erraldoi bat da eta euri urak hertzeetara bideratzen ditu. Eginkizun hori egoki burutzeko, estalkiaren presioa eta zigilatua baldintza onean egon behar dute. Higaduraren ondorioz ez du jadanik behar bezala funtzio hori betetzen eta konponketa eta berritze lanak egiteko garaia heldu da.

Estalkia, 2009ko azaroan kokatu eta estreinatu zen eta egingo diren konponketez gain, hobekuntzak ere egingo zaizkio. Xafla edo orri berezi bat ezarriko zaio patiora sartzen den argiaren intentsitatea murrizteko. Hori horrela itxitura eta konponketa lanak burutzen diren bitartean bisitetarako egun eta ordutegiak zein diren kontutan izanik, abuztuaren 9, 10 eta 11ko bisitak moldatuko dira eta sarrera atzeko atetik egingo da patioan sartu edo ibiltzea ezinezkoa izango delako. Ateetan hesi batzuk jarriko dira eta hortik ikusi ahal izango da jauregiaren zati hau. Bisita gidatuen gainontzeko atal guztiak normaltasun osoz egingo dira.

Lanen hasiera abuztuaren 7ra atzeratu denez, Igartzako jauregiko patioan egin ahal izango da Gernika pasealekuan aurreikusia zegoen Berriketan taldearen kontzertua. Igartza Musika programaren barruan eta Uda Giro zikloan txertatua dago besteak beste txalaparta eta flamenkoa nahasten dituen talde honen emankizuna.

Lan hauen aurrekontua 9.000€koa (+BEZa) da eta  Madrilgo  BAT ( Buró Arquitectura Textil) enpresak egingo ditu. Eguraldia erabat lehorra behar duenez, lanak honen baitan hasiko dira, eta horretarako, aldaketa egin behar duen enpresak abuztu osoa du erreserbatuta Igartzan lan egiteko.