Egungo egoeragatik erabilera eskasa duen gune garrantzitsua da Dolarea parkea, horregatik Udalak herritarren artean iritzi eta proposamen bilketa egingo du eremua biziberritzeko. Parte hartzeko modu ezberdinak izango dira, tartean tailerrak antolatuko dira eta etxez etxe inprimaki bat banatuko da idatziz ere ekarpenak bildu ahal izateko
Herriko gune eta espazioen aprobetxamendua eta erabilera indartu eta berritzeko helburuarekin dihardu lanean Udala. Herritarren bizi kalitatea hobetzearen eta Beasain herri atseginagoa bilakatzearen aldeko apustuan kokatzen da hain justu Dolarea parkearen biziberritzea. Izan ere, duela 30 urte egin zen bertan azken eraldaketa eta denboraren eragina nabaria da. Ondorioz erabilera urria du.
Horregatik, Udal gobernuak gunea biziberritzea erabaki du eta horretarako herritarren ikuspuntua aintzat hartu nahi da. Itxura eta erabilera berriak ematea eta guztiok gustora egoteko parke egokia lortzea da helburua. Konponketak, hobekuntzak eta lan txikiak egitea da asmoa betiere parkearen ezaugarriei eta egiturari eutsiz aurrekontu mugatua duelako proiektuak.
Hargatik eta herritarren iritziak eta ekarpenak bildu asmoz ondorengo ekimenak burutuko dira irailean.
Ekarpenak egiteko bideak
Batetik, iritzi bilketa egiteko honako bideak erabiliko dira: etxeetan banatuko den esku-orria betez eta udal bulegoetan utziz. Udaleko webgunean topa daitekeen on-line-go galdetegia betez. Irailaren 14an Renfeko geltokiaren inguruan jarriko den informazio karpara gerturatuz (11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara). Beste modu bat Igunera joan eta jarriko diren informazio paneletan proposamenak idatzi edo jarri ahal izango dira. Bide hauek erabiliz parte hartzeko epea irailaren 29an amaituko da.
Era berean, parkea birpentsatzeko egingo diren 4 tailerretako batean parte hartu daiteke. Hauek izango dira:
- Adinekoekin aritzeko tailerra, Aranealde erretiratuen etxean, urriaren 10ean, goizeko 11:00etan.
- Umeekin aritzeko tailerra, Igartzako jauregiko aretoan. Urriaren 10ean arratsaldeko 17:00etan.
- 13 eta 18 urteko gazteekin aritzeko tailerra, Igartzako jauregiko aretoan. Urriaren 11an arratsaldeko 16:30tan.
- Adingabeen gurasoekin edota zaintzaz arduratzen direnekin aritzeko tailerra, Igartzako jauregiko aretoan (umeekin etorriz gero zaintza zerbitzua egongo da). Urriaren 11an arratsaldeko 19:00etan.
Parte hartzeko Igunean izena eman beharko da edota banatutako inprimakiak bete eta Udaletxean (Igunean) utzi beharko dira.