Udal gobernuak burututako kudeaketari esker, hezkuntza sailak hartu zuen bere gain lanen kostu osoa
Eraikuntza publikoaren egoera kaskarrak eta egindako azterketa teknikoek behartuta burutzen ari dira lanak eta sei hilabeteko epea eta ia 700.000€ko kostua izango dute
Alkartasuna Lizeoko eraikinaren egoera kaxkarrak duela urte batzuk piztu zituen argi gorriak. Udalak, herrian dauden bi ikastetxe publikoen mantenuaz arduratzeko erantzukizuna duenez (Alkartasuna Lizeoa eta Murumendi), legegintzaldi hasierako lehen eginkizuna bi eraikinetan ITEak edo Eraikinen Azterketa Teknikoa egitea izan zen. Azterketa hauen emaitzen arabera lehentasunak ezarri ziren. Lizeoko eraikinak konponketa sakon bat eskatzen zuen eta lanen kostua ondorioz handia zen, ia 700.000 eurokoa.
Gauzak honela, Udal gobernua Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailarekin harremanetan jarri zen lanen finantzaketari buruzko erabakia hartzeko eta hainbat bileren ondoren egindako kudeaketari esker, jaurlaritzak lan osoaren kostua bere gain hartzea lortu zuen. Eraberritzen lanen barruan fatxada, teilatua eta eraikinaren beste zati batzuk daude.
Ohiko prozeduren ondotik, konponketa lanak irailean hasi ziren eta sei hilabeteko epean amaituta egotea espero da, aurreikuspenak betez gero, datorren urteko otsailaren amaieran.