75 urtetik gorako beasaindar guztiei eskutitza bidaliko zaie bilera irekietara etortzeko gonbitea luzatuz
Udalak, gizarte baliabideen eta prestazio ekonomikoen inguruko informazioa emateaz gain zalantza eta galderak argitu eta bisita gidatuak egingo ditu zerbitzuetara
Herritarrengana gerturatu eta adineko pertsonei ongizate sailetik, gizarte baliabideen, prestazioen eta zerbitzuen inguruko informazioa zabaldu nahi die Udalak. Horretarako, 75 urtetik gorakoei eta haien familia eta zaintzaileei zerbitzu eta aukera ezberdinen berri emango zaie antolatu diren bileren bidez, zerbitzu horiek erabiltzera anima daitezen.
Beasaindarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko eskura dauden baliabideak ezagutaraztea da aipatu bileren jomuga eta horien bitartez eta Gizarte Ongizate Sailaren bidez, herritarrengana gerturatu nahi du Udalak eta zerbitzu hauen beharra izan dezaketen adineko pertsonekiko ardura adierazi. Halaxe adierazi du Malu Valles Udaleko gizarte ongizateko zinegotziak gaurko agerraldian.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren enplegua sustatzeko programaren bidez, pertsona bat kontratatu da lan hau betetzeko. Honen ardura, Ane Amenabarrok izango du. Lehenik eta behin 75 urtetik gorako herritarrak bizi diren etxeetara gutuna bidaliko da udaletxeko batzar aretoan egingo diren bileretara etortzeko gonbidatuz (ia 1.500). Horretarako izenemate orria bete beharko da eta otsaila eta martxoa bitartean bi hizkuntzetan egingo diren bileretara deituko zaie.
Bileretan, Gizarte Ongizate Sailak adineko pertsonei eta batez ere 75 urtetik gorakoei, beren familiei eta zaintzaileei zuzendutako gizarte baliabideen berri eman eta prestazioen inguruko informazioa eskainiko diete eta halaber, zerbitzuetara bisita gidatuak antolatuko dituzte. Bisita gidatuak egiteko interesa dutenei, eguneko zentroa, Erretiratuen egoitzan ematen diren tailerrak eta etxebizitza babestuak erakutsiko zaizkie.
Eskutitza datozen egunetan iritsiko da adineko pertsonen etxeetara eta lehen bilera otsailaren 2an egingo da eta martxoaren erdira arte luzatuko dira.