Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Neguko barazkiak eta lekaleak protagonista bertako produktuen azokan

2018/02/28

Bertako barazkiez gain, lekaleak, eztia, loreak, gazta, marmeladak, ogia eta haziak erosgai izango dira

Larunbat honetako tailerrean kartoizko arrautza-ontziak birziklatuz apaingarriak eta bitxiontziak egiten irakatsiko dute Arteka eskulanen dendako arduradunek

Martxoko lehen larunbateko azoka hilaren 3an izango da eta neguko barazkiak erosteko aukera izateaz gain, mota desberdinetako lekaleak ere erosteko aukera izango dute bertaratuko diren erosleek. Bestelako produktuak ere izango dira salgai Loinazko San Martin plazan kokatuko diren postuetan: marmeladak, eztia, gazta, loreak, haziak eta ogia.

Bestalde, barazki horiekin platerak prestatzen laguntzeko, hilabete honetan ere bertako sukaldarien errezetez osatutako liburuxka ere banatuko da erosleen artean.

Iaz Udal gobernuak martxan jarritako egitasmo berri honen helburua, bertako ekoizle eta baserritarren lana balioan jarri eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara ekartzea ere bada. Horretarako azoka dinamizatzeko ekintza ezberdinez osatutako egitaraua antolatu da. Martxoaren 3ko azokarako antolatu dena hauxe da:

10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.              

11:30 Kartoizko arrautza-ontziak birziklatuz apaingarriak eta bitxiontziak egiteko tailerra (Arteka dekorazio dendako arduradunekin).

12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilari eta pandero-joleek kaleak eta azoka girotuko dituzte.

13:30  Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.     

14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.