Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Udalak bat egiten du merkatariekin "Ni naiz Beasain" kanpaina bultzatuz

2018/05/24

"Beasainen erosteak ez du preziorik" lelopean gertutasuna, adeitasuna, tratu pertsonalizatua edo erantzunkizun soziala bezalako balio erantsiak azpimarratu nahi dituzte

Bareak Beasaingo merkatari elkarteak, NI NAIZ BEASAIN sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan. Kanpaina honen helburua merkataritza txikiak bezeroari ematen diona, eta beste formatu komertzialek edo internetek eskaintzen ez dutena, balioan jartzea da. Maiatzaren 21etik 30era bitartean herriko 130 dendek erosketa tiket forma duen kartela izango dute erakusleihoetan. Tiket honetan, produktuen ordez, beste kontzeptuak agertzen dira: adeitasuna, tratu pertsonalizatua edo erantzukizun soziala, besteak beste. Tiketaren kopurua 0,00€koa da eta “Beasainen erosteak ez du preziorik” esaldiarekin amaitzen da.
Honez gain, bezeroen fideltasuna saritzeko asmoz, kanpainan zehar denda parte hartzaileetan erosketak egiten dituzten bezeroen artean 30€ko 30 erosketa txeke zozketatuko dituzte. Zozketan parte hartzeko, bezeroek Beasaingo merkataritzak beraiei zer ematen dien jarri beharko dute zozketa txarteletan. Zozketaren emaitzak ekainaren lehenengo astean argitaratuko dituzte Bareaken facebookean.

Udalak bertako merkataritza bultzatu eta sustatzeko duen helburu sendoari jarraituz bat egiten du kanpaina honekin eta honen zabalpenean laguntzen du. Gogoan izan behar da, Udalak elkartearekin lankidetza hitzarmena ere baduela tokiko merkataritzaren alde lan egiten jarraitzeko. Irudian, Enkarni Arrieta zinegotzia eta Begoña Rodriguez Bareakeko ordezkaria ageri dira kanpainaren kartelarekin.