Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

“Hari matazak indarkeria sexistaren aurka” egitasmoa jarriko du martxan Asmubek Udalaren laguntzarekin

2018/09/17

Beasaingo emakumeen elkarteak generoen arteko berdintasunaren alde  eta indarkeria sexista salatzeko egitasmo hau jarriko du abian Udalarekin elkarlanean

Hari matazak ehuntzeko egitaraua antolatu dute eta irailaren 19an hasita hamabostean behin bilduko dira. Azken lana azaroaren 25ean Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguneko elkarretaratzean erakutsiko dute

Indarkeria sexista salatzeko eta honen aurka egiteko helburuarekin, “Hari matazak indarkeria sexistaren aurka” izeneko egitasmoa antolatu du Asmube elkarteak Beasaingo Udalarekin batera. Proiektu honetan ahalik eta pertsona gehien elkartu eta matazak ehuntzea izango da helburua. Horregatik Asmubek herritar guztiei deialdia zabaldu nahi die parte hartu dezaten.

Hari matazak ehuntzeko lana, udaletxeko sarreran dagoen bilera gelan burutuko da. Irailaren 19an izango da lehen hitzordua, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Hurrengo datak hauek izango dira; urriaren 3a, 17a eta 31. Hauez gain, urriaren 6an Boluntarioen Eguna ospatuko dela aprobetxatuz, Asmubek jarriko duen postuan matazak ehuntzen egongo dira. Azaroaren 17a izango da ehundutako matazak josteko eguna eta Gernikako pasealekuan jarriko duten karpa batean elkartuko dira azken lana bukatzeko. Ehuntzen ez dakien jendeari erakutsi egingo zaio.

Lan guztia bukatzen dutenean, azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean egingo den elkarretaratzean erakutsiko dute.

Asmube elkartearekin duen hitzarmenaren baitan, Beasaingo Udalak emakumeen aurkako indarkeria salatzeko egitasmo honekin bat egiten du. Proiektu sinboliko hau Astigarragatik eratorria da kasu honetan baina nazioarteko mugak gainditu ditu. Europako hainbat lurraldeetan burutzen ari da, adibidez Portugalen eta Suedian. Hari matazak ehuntzeko ekimenak pertsonen arteko batasuna adierazi nahi du generoen arteko berdintasuna adierazteko. Asmubeko arduradunek etxean enbarazuan edo erabili gabe dauden matazak bildu eta ekartzeko oharra zabaldu nahi dute eta herritar guztiak gonbidatzen dituzte ekimen honetan parte hartzera. Ekimen honi buruzko informazio gehiago Asmubek Oriamendi kalean duen egoitzan eskuratu daiteke.