Gaur Alzheimerraren nazioarteko eguna dela eta, Beasaingo Udalak ongizate kolektiboaren alde gaixotasun honi aurre egiteko indarrean dituen egitasmoekin duen konpromisoari eusten diola adierazi nahi du.
Cita Alzheimer fundazioarekin elkarlanean, Goiz Alzheimer eta orain Goiz Zaindu programak nabarmendu nahi ditu.
Goiz Alzheimer proiektu arrakastatsuan 500 beasaindar baino gehiagok parte hartu zuten gaixotasunaren atzemate goiztiarrerako frogetan. Eta honen ondoren, gaixotasun honek sortzen dituen arazo kognitiboei eta dementziari nola aurrea hartu ikertzen dituen Goiz Zaindu prebentzio programaren lehen pausoak eman dira. Egun, 110 pertsona daude proiektu honetan parte hartzeko prest baina jende gehiago biltzeko helburuarekin, datozen hilabeteetan herriko talde eta elkarteei zuzendutako hitzaldiak antolatuko dira. Ondoren kirol eskaintza zein izango den zehaztu eta taldeetan banatuko dira ariketa fisikoa eta entrenamendu kognitiboa egiteko.
Udalak, herritarren laguntza eta prestutasuna eskertu nahi ditu ikerkuntzarako programa hauetan parte hartzeagatik.