Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Beasaingo III. Trans zikloaren egitaraua aurkeztu da

2019/01/07

Zikloaren hirugarren edizioarekin Beasaingo Udalak herriko hainbat eragileekin batera kolektibo honen errealitatearen ezagutza zabaltzeko ekitaldi sorta antolatu du

Urtarrilaren 19an emango zaio hasiera zikloari eskualdeko irakasleei zuzendutako formakuntza saio batekin eta apirila bitartean burutuko dira zikloaren egitaraua osatuko duten gainontzeko ekitaldiak

Beasaingo Udal gobernuak pertsonak eta hauen ongizatea oinarri eta ardatz izaten jarraitzen du bere eguneroko eginkizunean. Ongizatea eremu eta kolektibo guztietara zabalduz, genero aniztasunaren eta trans kolektiboaren egungo errealitateari erreparatzea ere udal erakundearen ardura bada eta hori horrela Trans zikloaren hirugarren edizioa aurkeztu da gaur Igartzako jauregian.

Aurkezpenean Nekane Zaldua Beasaingo udaleko Berdintasun saileko zinegotziak “pertsonak helburu hartuta, trans kolektiboaren errealitatea eta egoera jakinarazi eta honen aldeko sentsibilizazioan eta aitortzan pausoak ematen jarraitu behar da elkarrekiko errespetuzko harremanak sustatu eta genero edo sexuzko diskriminazio mota guztiak albo batera utzi nahi bada”. Berarekin batera aurkezpenean zikloa antolatzeko lantaldeko partaideak, Ekaitz Goikoetxea, German Urteaga eta Pilare Muxika, Ordiziako Berritzeguneko arduraduna,  izan dira egitarauaren xehetasunak aletzen. 

Egitarauari hasiera datorren urtarrilaren 19an egingo den ekitaldiak emango dio. Igartzako jauregian goiz osoan eskualdeko ikastetxe guztietako (30 guztira) irakasleei zuzendutako formakuntza jardunaldia eskainiko da. Izena emateko kopurua mugatua zenez Eguberrietako oporren aurretik itxi behar izan zuten jasotako eskaera ugariengatik. Honela, ehun irakasle inguru bilduko dira Trans-Formatzen izenburua duen jardunaldi honetan Pilare Muxika Ordiziako Berritzeguneko arduradunak azaldu duenez. Jardunaldi hau antolatzeaz Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Berritzegunea izan da. Berrikuntzaguneak, hezkuntzaren berrikuntza eta hobekuntzarako zonaka edota lurraldeka unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-mailetara zuzendutako laguntza zerbitzua eskaintzen dute.

Egitaraua osatzen duten gainontzeko ekitaldiak apirilera bitartean burutuko dira eta hitzaldiak, emankizunak, ikuskizunak eta iaz bezala bertso saioa izango dira.

  pdf Ekintzen egitaraua (291 KB)