Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Udala gazteekin bildu da jaietako mozorro eguneko jaimak antolatzeko

2019/04/17

Maiatzaren 14an izango da hurrengo bilera, 18:00etan udaletxean eta izena eman duten talde guztien artean zozketatuko da jaimak kokatzeko lekua

Udalak gazteekin egindako lehen bileran, 9 taldeetako 25 gazte bildu ziren eta iazko arauak berretsi ziren

Loinatz jaietako mozorro egunean kokatzen diren jaimen antolakuntzarako Udalak gazteekin egin du lehenengo bilera.  Bileran 9 taldeetako 25 gazte bildu ziren Aitor Aldasoro alkatea eta Elena Ruiz zinegotziarekin. Lehen bileran azken urteetan gazte eta udal arduradunen artean adostutako arauak eta neurriak berretsi ziren eta hurrengo bilerarako hitzordua jarri zen.

Erabaki nagusienak gogora ekarri ziren atzokoan; hala nola, ordutegia, izenematea, argindarra, kokapenaren zozketa, errekaren garbiketa eta musikaren bolumenari buruzkoak. Guztiak elkarbizitza eta segurtasuna oinarri dutenak.

Hori horrela, jaimetako gazteek musika ekipo guztiak berdinak izango dituzte eta enpresa berdinari alokatuko dizkiote. Ekipo hauek musikaren bolumena mugatua izango dute bere egunean bizilagunen presentziarekin egin zuten musika frogaren arabera erabakitako neurrian (90 dezibelio inguru). Bestalde, jaima bakoitzeko taldeak zehazteke dagoen diru kopuru bateko fidantza jarriko du jaien ondorengo astean erreka garbitzeaz arduratuko diren pertsonei ordaintzeko.

Adostutako beste neurri batzuk berdin jarraituko dute aurten ere. Hala nola, mozorro egunean, eguerdiko 12:00etatik aurrera jarri ahal izango dituzte jaimak. Ordura arte zerbitzuetako banatzaileek kalean sartu-irtenean ibili behar baitira. Jaima guztiei argindarra emateaz Udala arduratuko da eta goizaldeko bostetan etengo da. Ez da gasoliozko argindar sorgailurik erabiliko eta jaima kokatzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea.

Hurrengo bilera maiatzaren 14an izango da 18:00etan udaletxean. Ordura arte izena eman ahalko dute orain arte egin ez duten taldeek eta orduan tokien zozketa egingo da eta errekaren garbiketarako fidantza jasoko da.