Laugarren urtez Beasaingo Udalak herriko eragileekin batera kolektibo honen errealitatea ikustarazteko ekitaldi sorta antolatzen lagundu du
Beasaingo Udal gobernuak pertsonak eta hauen ongizatea oinarri eta ardatz hartuta bere eguneroko eginkizunean jarraitzen du. Ongizatea eremu eta kolektibo guztietara zabalduz genero aniztasunaren egungo errealitateari erreparatzea ere udal erakundearen ardura bada eta hori horrela Trans zikloaren laugarren edizioa aurkeztu dute udal ordezkari eta antolatzaileek.
Pertsonak helburu hartuta, trans kolektiboaren errealitatea eta egoera ikustarazi eta honen aldeko sentsibilizazioan eta aitortzan pausoak ematen jarraitu nahi da, elkarrekiko errespetuzko harremanak sustatu eta genero edo sexuzko diskriminazio mota guztiak albo batera uztea beharrezkoa delako.
Beasaingo Udalaren laguntza eta konpromisoa ziklo hau sortu zenetik dirau eta horrela jarraitzen du laugarren honetan ere. Beasaingo eragile eta elkarte guztiekin bezala udalak bere baliabide eta bitartekoak jarri ditu egitarau honen antolakuntzan.
Prestatutako egitaraua ekaina arte luzatuko da. Lau ekitaldik osatuko dute zikloa. Otsailaren 28an hasi zen zikloa irakurle taldea egin zuen Kattalin Minerren “Moio” liburuaren irakurketarekin. Martxoaren 28an ikastetxeetako gurasoentzat Trans formatzen jardunaldia egingo da Igartzako jauregian. Maiatzaren 8an berriz, Ama-Alu-Lur antzezlana taularatuko da Igartzako jauregian. Azkenik ekainaren 26an Bertso-trans saioa izango da Igartzako jauregian ere Alaia Martin, Uxue Alberdi, Maddi Aiestaran, Jon Martin eta Maider Arregi bertsolariekin.
Antolatzaile zein udal ordezkariek, herritarrak ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen dituzte.