Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Urteko bertako produktuen lehen azoka larunbat honetan

2020/12/29

Baratxuri freskoa izango da barazkien artean produktu berria 

Urteari hasiera  emateko urtarrilaren 2an izango da aurtengo bertako produktuen lehen azoka. Larunbat honetan, Loinazko San Martin plaza azpian kokatuko diren dozena inguru postuetan bertako produktu hauek erosteko aukera izango da: eztia, barazkiak, loreak, haziak, ogia, gozoak eta gazta.

Hilabete honetan neguko barazkiak protagonista izaten jarraituko dute, besteak beste, porrua, aza, azalorea, brokolia, azelga, edo espinaka. Oraingo honetan aldiz, produktu berria baratxuri freskoa izango da.

Urtarrileko lehen larunbateko azoka honetan ere erosleen artean erosketak egiteko poltsak eta bertako sukaldarien errezeta liburuskak banatuko dira eta azokako produktuez osatutako bi saskiren zozketa egingo da azokan erosketak egin dituztenen artean.

Larunbat honetako egitaraua hau izango da:

  • 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera
  • 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean
  • 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera

Bertakoa eta garaian garaikoa bultzatzea

Hileko lehen larunbateko azoka berezia, duela ia hiru urte Udal gobernuak martxan jarritako egitasmo berria da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada. Horretarako azoka dinamizatzeko ekintza ezberdinez osatutako egitaraua antolatzen da hilero.