Zozketatzen diren azokako produktuez osatutako bi saskiekin batera Igartzako Monumentu Multzora bisita gidatua egiteko bi sarrera ere emango dira
Otsailaren 6an iritsiko da hilabeteko lehen larunbateko azoka berezia. Garaian garaikoa kontsumitzeko xedeari eutsiz, neguko produktu ugari izango dituzte salgai baserritarrek, besteak beste, aza, bruselaza, azalorea, azelga, eskarola, eta askorentzat hain ezaguna ez den daikon arbia. Daikon arbia edo errefau zuria (Raphanus sativus) japoniar jatorriko sustrai tipiko bat da, Asiako ekialdeko sukaldean zein elikadura makrobiotikoan sarri erabiltzen dena. Azenario zuri baten itxura du. Gehiegizko pisua, gizentasuna, diabetesa, azido uriko eta kolesterol gehiegi dagoenean eta digestioa hobetzeko gomendatzen da, behazun-jarioa indartzen baitu.
Sasoi honetako barazkiez gain, Loinazko San Martin plazara gerturatzen direnek bertako produktu hauek erosteko aukera ere izango dute: eztia, barazkiak, loreak, txerrikia, haziak, ogia, gozoak eta gazta.
Larunbat honetako azoka bereziaren egitaraua hau izango da:
10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.
13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean. Saski bakoitzarekin batera Igartza bisitatzeko bi sarrera ere emango dira.
14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera
Hileko lehen larunbateko azoka berezia duela ia hiru urte Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada.