XXXVI. odolki dastaketa-lehiaketak bertako eta garaian garaiko produktuen azokarekin bat egingo du
Beasaingo Odolki Kofradiak antolatzen duen “Odolki dastaketa-lehiaketa” itzuli da. Iaz, bizi zen egoerak baldintzatuta burutu ez bazen, aurten normaltasunera itzultzeko bidean odolkigile eta harakinak bilduko ditu berriro hesteki preziatuaren prestakuntzan trebeena zein izango den erabakitzeko. XXXVI. edizioko odolkiaren erregea zein izango den eguerdi aldera jakin ahal izango da.
Azaroaren 6an, Gernika pasealekuko frontoian goizetik jarriko dira dastaketa-lehiaketara aurkeztutako odolkiak egosten eta eguerdiko ordu batean Odolki lehiaketako sari ematea izango da. Goizeko hamarretatik aurrera bertako produktuen azoka txiki bat ere izango da Nafarroa etorbidean. Bertan 9 salmenta postu izango dira, produktu hauekin: odolkiak, babarrunak, arrain kontserbak, kalabazaz egindako apaingarriak, txerrikia, gazta, bitxiak, Segurako taloak, eta gozoak.
Hileko lehen larunbateko azokak bat egingo du odolkiaren jai haundiarekin eta bere ohiko lekuan izango da, Loinazko San Martin plaza azpian. Azaroari dagokion azoka honetan neguko barazkiak izango dira nagusi. Horien artean, eskarola, brokolia, azalorea, aza, aza gorria eta nobedade gisa daikon arbia eta ziazerbak izango dira.
Bertako elikagaien egun berezi hau irudietan jaso asmoz, Beasaingo Argizpi argazkilari elkarteak 2021eko argazki rally-a antolatu du.
Egun honetako egitaraua hau izango da:
Gernika pasealekuan:
- 10:00 Argizpi 2021 argazki rally-aren hasiera eta azokaren irekiera
- 11:00 36. Odolki dastatze-lehiaketaren hasiera
- 13:00 Lehiaketako irabazlea izendatzea eta sari ematea
Loinazko San Martin plaza azpian:
- 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.
- 12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero joleek azoka girotuko dute.
- 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean. Bestalde, Igartzan bisita gidatua egiteko 2 sarrera ere emango dira saski bakoitzarekin batera.
- 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.