Udalerriko txakur jabeak arduratsuak izateko eta herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko, ekimenez beteta datorren programaren bigarren edizioa iritsi da
Berrikuntzen artean hirugarren adinekoei zuzendutako tailerrak daude eta Euskal Artzain Txakurren erakustaldia berreskuratuko da
Jabe eta txakur bikoteentzako lehen heziketa ikastaroan izena emateko epea abenduaren 10ean irekiko da
Herritarren arteko bizikidetza eta udalerri atsegin, txukun, eroso eta bizigarria izateko helburuari jarraiki, arrakasta handia izan duen TXEP-ren bigarren edizioa jarriko du abian Beasaingo Udalak urtarrilean. Ekimen hau udal gobernuak bere legealdi planean zeukan aurreikusita eta pertsonen ongizatean eragingo du. Kasu honetan txakurren eta pertsonen arteko elkarbizitza hobetzera dator eta animalien jabetza arduratsua sustatzea du xede.
Eduki berriak
Orain arte ezagunak bilakatu diren Jabe Eredugarri Formakuntza, sozializazio paseo edo hitzaldiez gain, bigarren edizio hau sorpresa berriekin datorkigu. Izan ere, hirugarren adinekoen tailerrak egingo dira Nagusien Egoitzan, Eguneko Zentroan eta Arangoitin. Saio hauen helburua, estimulazio kognitibo eta sentsoriala lantzea izango da, baita komunikazio afektibo eta ludikoa indartzea ere. Horretaz gain, pandemiaren ondorioz bertan behera geratu zen Euskal Artzain Txakurren erakustaldia berreskuratuko da.
Herritar orori zuzenduta
Egunetik egunera, handitzen doa maskota kopurua udalerrian. Horregatik, ezinbestekoa da txakurrak dituztenen eta ez dituztenen arteko elkarbizitza eta harreman egoki baterako baliabideak eta bitartekoak eskaintzea.
Hasiera batean txakur jabeei soilik zuzendutako programa badirudi ere, gainontzeko herritarrentzako ekimenak ere badaude; honen adibide da “Txakurren Hizkuntza” izeneko saioa. Bertan, haur eta nagusientzat hitzaldi bana emango dira animalia hauengana nola gerturatu eta beraiekin nola jokatu erakutsiz.
Formakuntza eta kontzientziazioa
Txakur eredugarri programak, bitarteko ezberdinak erabiliz, txakurren eragina eta hauekin harremana izan dezaketen eremu eta eragile guztiengana iritsi nahi du. Programa barnean hainbat ekimen aurkitzen dira:
Jabe Eredugarri Formakuntza, jabe-txakur bikoteei oinarrizko heziketa tresnak emateko helburuarekin dator, txakurra momentu oro kontrolpean mantentzeko. Kurtso hau 8 saio presentzialez osatzen da eta urtean 3 ziklo desberdinetan eskainiko da, urtarriletik hasita. Formakuntza honen amaieran, bikoteek gaitasun proba bat egiteko aukera izango dute, aztertzaile profesional batek aurrera eramango duena. Proba gaindituz gero, txakur-heziketa titulu ofizial bat lortzeko aukera izango dute. Lehen txandaren izen ematea Abenduaren 10ean irekiko da eta Udalaren webgunetik egin ahal izango da:
Honekin batera, sozializazio paseoak datoz osagarri bezala. Formakuntza egiten ari diren txakur eta jabeek ostegunero ibilaldi bat egingo dute herrian zehar txakurren arteko sozializazioa sustatu eta beraien abileziak kaleetan zehar proban jartzeko.
Gai teorikoak eta sentsibilizazioak ere izango dute lekua programan. Ordubeteko lau saio monografiko eskainiko dira gai desberdinak landuz, hala nola: “zer suposatzen du txakur bat edukitzeak?” edota “ez erosi, adoptatu ezazu”. Horrez gain, hirugarren adineko pertsonekin tailer teoriko-praktikoak martxan jarriko dira lehenengo aldiz.
Ekimena borobiltzeko, Euskal Artzain Txakurren erakustaldi bat ere antolatuko da herrian. Arraza honek dituen gaitasunak erakusteaz gain, maskota bezala ere balioan jarri nahi da. Izan ere Euskal Artzain txakurra desagertzeko arriskuan dagoen arrazetako bat da.
Txakur askeak eta jabeen betebeharrak
Udal gobernuak aurreko legealditik lantzen jarraitzen duen gaia da txakurren eta herritarren arteko bizikidetza. Gogoan izan behar da gaurdaino udalerrian lau txakur parke egokitu direla azken hiru urteetan; Ezkiaga auzoan, Urbieta etxearen atzean, Zaldizurretako biribilgunearen aldamenean eta Igartzako Monumentu Multzoan.
Formakuntza eta sentsibilizaziorako tresnak eskaintzeaz gain, Udalak jabeei, hauek dituzten hainbat betebehar gogorarazi nahi die; hala nola, txakurrak aske eramatea edota hauen gorotzak ez jasotzea, ordenantzaren eta bizikidetza arauen urratzea dela azpimarratuz. Horrelako jokabideak hautematen direnean, udalak dagozkion neurriak hartuko ditu.