Otsaileko azoka bereziak herriko zaindariaren eguna izango du hitzordu
Loinazko San Martin egunarekin bat eginez burutuko da otsaileko bertako eta garaiko produktuen azoka, otsailaren 5ean hain zuzen ere. Loinatzko San Martin plaza azpian kokatuko diren postuetako produktuen artean neguko barazkiak izango dira protagonista. Horien artean brokolia, azalorea, romaneskua, aza, baratxuri freskoa, azelga, espinaka, arbia, pak-choia eta borraja.
Barazkiez gain, bertakoak diren beste produktu batzuk saltzen dituzten postuak izango dira: eztia, ogia, loreak eta landareak, tartak eta gailetak, gazta, txerrikia eta haziak. Beraz, poltsa bete produktuz etxera joateko moduko azoka izango da. Artisau erara egindako poltsak, lepokoak, umeentzako adur-zapiak eta antzerakoak saltzen dituen postu bat ere izango da.
Hileko lehen larunbateko azoka berezia duela bost urte Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada.
Egun horretako egitaraua hau izango da:
- 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.
- 12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero joleek azoka girotuko dute
- 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean. Bestalde, Igartzan bisita gidatua egiteko 2 sarrera ere emango dira saski bakoitzarekin batera.
- 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera