Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Osasunerako barazkien onurak ezagutzeko aukera apirileko azoka berezian

2022/03/30

Garaian garaiko barazkiak kontsumitzeak gure osasunean dakarten onuraz gain, errezeta batzuk egiten irakatsiko dute Eluska Gonzalez eta Josetxo Mendiak 

Udaberrian sartuta, neguko barazkiak protagonista izaten jarraitzen dute oraindik bertako produktuen azoka bereziaren eskaintzan. Hilabete honetako azoka apirilaren 2an izango da eta berreskuratutako hileroko tailer didaktikoei jarraipena emanez, oraingoan osasunerako barazkien onurak zeintzuk diren jakiteko aukera izango dugu Josetxo Mendia ekoizlearen eta elikaduran aditua den Eluska Gonzalezen eskutik eta ondoren barazkiekin egindako errezeta batzuk egiten ikusteko eta dastatzeko parada ere izango da.

Azokan izango diren postuei dagokionez, Loinazko San Martin plaza azpian  neguko barazkiak protagonista izaten jarraituko dute: porrua, azelga, azalorea, brokolia, aza, romaneskua, espinaka, borraja, baratxuri freskoa, eskarola... Barazkiez gain, beste produktu batzuk saltzen dituzten postuak ere ez diote hutsik egingo hitzorduari: eztia, ogia, loreak eta landareak, tartak eta gailetak, gazta, txerrikia eta haziak. Beraz, poltsa bete produktuz etxera joateko moduko azoka izango da.

Jakiez gain, bertan artisau erara egindako poltsak, lepokoak, umeentzako adur-zapiak… saltzen dituen postu bat ere izango da.

Egun horretako egitaraua hau izango da:

  • 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.  
  • 11:30 “Barazkiak kontsumitzeak osasunerako dituen onurak” hitzaldia eta barazkiekin egindako errezeta batzuk prestatuko dira.
  • 12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero joleek azoka girotuko dute           
  • 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.   Bestalde, Igartzan bisita gidatua egiteko 2 sarrera ere emango dira saski bakoitzarekin batera.     
  • 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.

Hileko lehen larunbateko azoka berezia duela bost urte  Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada.