Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Zelai eta belardien garrantziaz jardun dute herriko ikasleak udal agintariekin

2022/05/03

Eskola Agenda 2030eko urteroko Udal audientzian, herritarrak berdeguneen garrantziaz kontzientziatzea eta ibaia zein berdeguneak garbiago mantentzeko proposamenak egin dituzte

Beasaingo ikastetxeetako haur eta gazteek Agenda 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuak landuta, aurkitu dituzten arazoak eta alternatibak aurkezten izan dira Udaletxean. Horiek entzuten eta erantzuten, Leire Artola alkatea eta Adur Ugartemendia Lurraldea saileko batzordeburua izan dira, ikasleek egindako proposamenei Udalak abiarazi dituen ekimenak eta hartu dituen neurriak azalduz.  

Honela bada, urteroko udal audientzian, udal agintariak eta herriko bost ikastetxeek ingurugiroaren alde egiteko, helburuak eta ekimenak jarri dituzte mahaigainean. Eskola Agenda 2030ean Beasaingo 5 ikastetxek parte hartu dute eta Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergo 50 ikasle bertaratu dira udaletxera.

Zelaiak eta berdeguneak babestea jomuga

Aurtengo ikasturtean iaz landu zuten Garapen Jasangarriko Helburua (GJH) berdina landu dute, 15. Garapen Jasangarriko Helburua “Lehorreko Bizitza”. Aurten martxan jarri duten proiektua “Zelaiak, larreak eta landareei buruzko ezezagutza” proiektua izan da.

Proiektu honekin ikastetxeko egoera ikusi dute eta arazoak eta alternatibak zein diren aztertu dituzte. Udalerriko egoera ere aztertu dute, diagnostikoa eginez. Gure inguruko zelai, belardi, lorategi eta parkeetan mota desberdinetako bizidunak eta elementuak aurki daitezkeela eta era berean belardiei erabilera ezberdinak ematen zaizkiela ikusi dute.

Ikasleen ondorioak eta konpromisoa

Atera dituzten ondorio esanguratsuenak honako hauek izan dira: belardiak gutxitzen ari dira, eraikuntzaren ondorioz eta belardietarako lur eremu egokienak hiriguneak okupatzen ditu. Gure paisaiari ez diogu behar duen balioa ematen, belardiak zikinak eta lurra zapalduegia dagoenez landareen hazkuntza oztopatzen da. Beraz, belardiak eta larreak beharrezkoak ditugu eta onura eta zerbitzu asko ematen dizkigutenez (aisialdirako guneak izateaz gain, animaliak elikatu eta ondare naturala eta bioaniztasunari mesede) babestea ezinbestekoa da.

Gune berde ezberdinetan zaborra ugari aurkitu dute eta horietako bat Sagastigutiko parkea da. Bere erabilera azken urteetan desegokia izan da eta horren adierazle da bertan aurkitzen den zabor guztia.

Hori horrela, ikasleek gaiaren inguruan zenbait konpromiso hartu dituzte. Udalak materiala utziz gero, hilean behin zaborra biltzeko ardura hartu eta zaborra biltzeko mendira poltsa konpostagarriak eramango dituzte. Zaborrontziak behar bezala erabiliko dituzte, hondakinak bereiztuz eta berrerabilpena bultzatuz eta egunerokotasunean erabiltzen diren materialak biodegradagarriak izan daitezen saiatuko dira. Baserritarrei produktuak erosi eta baserriko lanak egiten lagunduko dute. Bertako produktuak kontsumituz, jasangarritasuna bultzatuz, baserritarrei haien produktuak ekoizteko bidea erraztuko diete. Azkenik ikasleek ingurumenarekiko babes jarrera sustatzeko, ikasleen kontzientziazioa bultzatuko dute.

Proposamenei Udalaren erantzuna

Zelai eta belardien garrantziaz herritarrak kontzientziatzeko proposamenei, Udalak indarrean dituen baliabideen azalpena eman die ikasleei. Lorazainak dira berdeguneen egoeraz arduratzen direnak: ongarritzea, mozketa (itxura ona mantentzeko) eta mantenu lanak aldian aldiko burutzen dituzte. Gainera, astelehen, asteazken eta ostiraletan berdeguneetan topatzen duten zaborra bildu egiten dute; hala nola, plastikoa, papera, eta abar. Kartelen kasuan, Dolarea parkean zuhaitzen espezieak zehazten dituzten kartelak daude eta hauek espezie bakoitza identifikatzeko balio dute.

Herrian berdegune gehiago jartzeari buruzko proposamenean, eraberritze proiektuetan kontutan hartzen den gaia da. Horren adibide Ixabel Olano parkearen berritzea da. Kasu honetan irizpide nagusia berdeguneen bateratzea eta handitzea da. Honela, berdegune gehiago izango dira parkean.

Urtero garbiketa egun bat antolatzearen proposamenari erantzunez, urte askotan Oria ibaia eta inguruko errekak auzolanean garbitu direla esan dute udal agintariek. Iaz Oria ibaia ere auzolanean garbitu zen. Aurten ere garbitzeko asmoa dago eta agintariek ikasleak gonbidatu dituzte auzolan honetan parte hartzera. Ikastetxeetara gonbidapena bidaltzeko konpromisoa hartu dute.       

udal audientzia eskola agenda 2030 2 udal audientzia eskola agenda 2030 11