Udalak kale garbiketaren kudeaketari buruz agindutako inkestak gogobetetze maila handia erakusten du herritarren artean
Aldi berean, azterketak ondorioztatu du hobekuntza eremu nagusietako bat eremu publikoetan txakurren gorotzakekin lotuta dagoela.
Txakur eredugarria programaren baitan, Udalak kontzientziazio bideo bat kaleratu du, jabeek txakurren gorotzak jaso eta lotuta eraman ditzaten
Beasaingo kale garbiketaren kudeaketari buruzko azterlanak datu adierazgarriak utzi ditu Beasaingo herritarrek udal zerbitzu horren inguruan duten gogobetetze mailari buruz.
Gizaker enpresaren bidez egindako azterketatik ateratako ondorio nagusien artean, nabarmentzekoa da Beasaingo herritarrek beren udalerriari bizitzeko leku gisa ematen dioten balioa: 10etik 8,11koa. Balorazio horrek adierazten du udalerriarekiko duten atxikimendua eta beasaindar izatearen harrotasuna.
Bestalde, orohar, Beasaingo herritarrak oso pozik daude udalerriaren garbitasunarekin. Zehazki, 10etik 7,37koa da emandako balioa arlo honi. Auzoetako garbitasunarekiko gogobetetasuna, aldiz, zertxobait jaitsi da udalerria osoarenakin konparatuz, baina hala eta guztiz ere maila nabarmenean mantentzen da, 7,08ko balorazioarekin.
Dekapatu bidezko garbiketa
Biztanleriaren % 76,6k oso ondo ezagutzen du ibilgailuarekin egiten den garbiketa sakoneko zerbitzua (presio bidezko dekapatua), eta zerbitzu hori oso positibotzat jotzen dute 10etik 7,86ko balorazioarekin.
Udalerriko garbiketaren kudeaketari buruzko hainbat alderdiren balorazioari dagokionez, nabarmentzekoa da paperontzien kopurua eta lurzoruen garbiketa, objektuei eta hondakinei dagokienez.
Txakurren gorotzak
Aitzitik, hobetzeko marjina handiena duten eremuak bildu gabeko txakurren gorotzei eta ibaien garbiketari lotuta daude, suspentsutik gertu dauden balorazioekin. Hain zuzen ere, % 62,9k uste du Beasainek arazo bat duela txakurren gorotzekin.
Gizalegezkoak ez diren jokabideei dagokienez, inkestatutako pertsonen % 54,9k uste du ekintza horiek beasaindarrek eginak direla. Batez ere, gizalegearen aurkako jokabide nabarmenenak honako hauek dira: txakurraren gorotzak eta hauek solte uztea, botiltzarren ondorioz utzitako hondakinak eta erabilitako musukoak espazio publikoan botata egotea. Autokritika maila handia izan arren, Beasaingo herritarren ustez, gertuko udalerrietako biztanleen gizalegezko jokabide-maila bera dute.
Beasaingo Udalaren app-a
Telefono mugikorretarako Beasain aplikazioari dagokionez, herritarren erdiak ezagutzen du, eta bostetik 1ek badaki bideoak eta argazkiak bidaltzeko aukera ematen duen inzidentzien atala badagoela. Erabilgarritasunari eta gogobetetzeari dagokionez, aplikazioa erabili dutenek 10etik 7,77ko puntuaketa eman diote.
Iruzkinak eta iradokizunak
Inkestatutako pertsonen laurdenak garbiketaren inguruko iradokizunen bat helarazi dio Udalari. Aipamen gehien jaso dituzten gaiak honako hauek izan dira: txakurren gorotzak, txakur-zakarrontziak jartzeko eskaerak, gizalegearen aurkakoak diren txakurren jabeei zigor gehiago jartzea, edukiontzien inguruetako zikinkeria eta usaina, zaborra botatzeko ordu eta egun finkoa ezartzea, ibaiaren garbitasun-maila, eta sentsibilizazio kanpainak egitea.
Ikerketa hau egiteko erabili den metodologia kuantitatiboa da, telefono bidezko elkarrizketaren teknikaren bidez. Ikerketa teknika horri esker, proposatutako helburu guztiei erantzun ahal izan zaie, eta baliozkotasun eta fidagarritasun handieneko emaitzak lortu dira, eraginkortasunez jardun ahal izateko. Azterlana osatzen duten biztanleak Beasainen bizi diren 18 urteko edo gehiagoko pertsonak dira.
Kontzientziazio bideoa
Txakur gorotzak ez jasotzearen inguruko arazoak eta bide publikoan eragiten duten kaltea ikusita, Udalak animazio bideo bat zabaldu du kontzientziazio kanpaina baten baitan. 45 segundoko bideoan, txakurrak aske eramateak dakarren arriskuaz ere ohartarazten da eta horrek udal ordenantzaren arabera, isuna dakar,.
Bideo honen ekoizpena duela bi urte udal agintariek martxan jarritako Txakur eredugarria programaren barruan kokatzen da. Gaur egun, bigarren edizioa burutzen ari da, jabe eredugarria izateko formakuntza ikastaroekin. Ikastaro horrekin batera, txakur paseoak eta erakustaldia egin da, hala nola joan den hilean euskal artzain arrazako txakurrekin egindakoa. Azken helburua, bizikidetza hobetzeko konpainiako animaliak arduraz zaindu eta edukitzea da, horrela Beasain bizitoki atsegina, ordenatua, erosoa eta bizigarria izateko.