Zumezko saskitxoak egiten irakatsiko da tailer didaktikoaren tartean eta bakoitzak berea etxera eraman ahal izango du
Uda sasoi betean sartuta hileko lehen larunbateko azoka berezia uztailaren 2an izango da. Bertan uda garaiko barazkiak izango dira dizdira berezia izango dutenak ekoizle eta baserritarren postuetan, hala nola, tomateak, lekak eta piperminak. Horiek bakarrik ez, azelga, borraja, brokolia eta letxuga ere bertako produktuen artean nabarmenduko dira.
Barazkiez gain, ohi bezala bertako beste produktu batzuk saltzen dituzten postuak izango dira: eztia, ogia, loreak eta landareak, tartak eta gailetak, gazta, txerrikia eta haziak. Beraz, bertako produktu osasuntsuen eskaintza oparoa izaten jarraituko du oporren aurretik egingo den azken azoka berezia. Horretaz gain, artisau erara egindako poltsak, lepokoak, umeentzako adur-zapiak saltzen dituen postu bat ere izango da, oparietarako adibidez oso egokiak.
Hileroko tailer didaktikoei jarraipena emanez, zumezko saskitxoak egiten ikasteko tailerra izango da eta parte hartuko duen bakoitzak bere saskitxoa etxera eraman ahal izango du. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da
Egun horretako egitaraua beraz, hau izango da:
- 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.
- 11:30 Zumezko saskitxoak egiten ikasteko tailerra.
- 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean. Bestalde, Igartzan bisita gidatua egiteko 2 sarrera ere emango dira saski bakoitzarekin batera.
- 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.
Hileko lehen larunbateko azoka berezia duela bost urte Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada.