EHU/UPVko Uda Ikastaroak Fundazioarekin batera antolatutako mugikortasun adimentsu eta jasangarriari buruzko ikastaroaren baitan aurkeztuko da ekimen hau
Beasaingo Udalak, aplikazio honen bidez, herritarrek autoa partekatu ahal izatea nahi du eguneroko joan etorrietan
Euskal Autonomia Erkidegoan aitzindaria den proiektu hau martxan jartzeak herritar guztiei beste pertsona batzuk ezagutzeko aukera ematea du helburu, eguneroko joan etorrietan autoa partekatu ahal izan dezaten. Horrela, erregaiaren kostuaren igoerari aurre egiteko gastuak partekatu, denbora aurreztu eta emisio kutsatzaileak murriztuko dituzte.
Beasaingo Udala ingurumenarekin eta garapen jasangarriaren helburuekin konprometitutako erakundea da, helburu horiek eragin zuzena baitute guztion ongizatean eta etorkizunarekin. Horren emaitza da EHUko Udako Ikastaroen Fundazioarekin lankidetzan antolatuta, irailaren 15ean Igartzako jauregian "Smart Mobility: mugikortasun adimentsu eta jasangarrirantz" izenburupean egingo den uda ikastaroa.
Arratsaldeko saioan, hain zuzen ere herritar guztiei irekia izango dena, mugikortasunaren eta teknologien joera berriei buruzko aurkezpen pedagogikoa egitea izango da helburua. Jakina, garraiobide jasangarriagoak erabiltzea aldarrikatuko da, Beasaingo garraio-azpiegiturek eta tresna digitalek eskaintzen dizkiguten aukerak aprobetxatzeko.
Horren baitan, autoa partekatzeko martxan jarriko den ekimena aurkeztuko da: "ParteCar" izendatutako aplikazioa. Beasain izango da autoa partekatuz bidaiatzeko zerbitzu mota hau martxan jarriko duen Euskadiko lehen udalerria. Helburua da herriko ibilgailu pribatuen okupazio-tasa hobetzea eta emisioak murriztea, jakinda garraio publikoaren sareak ez duela beti aukera eraginkorrik ematen beasaindarrak beren egunerokoan lanera edo ikasketa zentroetara joan ahal izateko.
Gainera, Beasainen badira mugikortasunaren ikuspegitik zailtasunak dituzten landa-auzo batzuk, eta tresna honen bidez, beste aukera bat eskaini nahi zaie bertako biztanleei. Gastuak partekatzeko aukera bat ere eskaini nahi da, etxeko ekonomiei arnas pixka bat emanez.
Egunero autoa partekatzean, herritarrek murriztu egiten dute errepideko ibilgailuen kopurua eta hobetu egiten da airearen kalitatea eta ondorioz, baita pertsonen bizi kalitatea ere. Era berean, udalerrietan eta horien periferian mugikortasun jasangarria lortzen laguntzen du, eskura dauden baliabideak modu eraginkorrean erabiliz. Halaber, berotegi-efektua deiturikoa eragiten duten CO2 emisio kutsatzaileak ere murrizten dira.
Aplikazioa irailaren 15ean bertan egongo da beasaindarren eskura, hain zuzen ere irailaren 16an hasiko den Mugikortasunaren Europako Astearen bezperan, Beasain udalerri parte hartzaile ofiziala baita.