XXXVII. odolki dastaketa-lehiaketak bertako eta garaian garaiko produktuen azokarekin bat egingo du
Argizpiren argazki rallya, Ekaitz buruhaundi eta erraldoien konpartsaren eguna, haurrentzako ikuskizuna eta Zutik elektrotxarangak jantziko dute eguneko kultur egitaraua
Beasaingo Odolki Kofradiak antolatzen duen Odolki dastaketa-lehiaketak bere hogeita hamazpigarren edizioa burutuko du azaroko lehen larunbat honetan. Odolkigile eta harakinak bilduko dira berriro hesteki preziatuaren prestakuntzan trebeena zein izango den erabakitzeko egunean. XXXVII. edizioko odolkiaren erregea zein izango den eguerdi aldera jakin ahal izango da. Aurkeztuko diren harakinen odolkiak dastatzen izango diren epaimahaikideak Aitor Arregi, Elkano jatetxeko sukaldaria, Arantxa Agirrezabala, Kattalin jatetxekoa, Ane Urdangarin idazlea eta Juan Manuel Garmendia FECOGAko lehendakaria izango dira.
Egun honen harira ere, hileko lehen larunbateko azoka berezia izango da. Lehiaketaren harira azokako postuen eskaintza handituko da eta orotara 36 postu ezberdin kokatuko dira Loinazko San Martin Plaza azpian eta Erauskin plazan. Saltokietan produktu hauek eskuratu ahal izango dira, besteak beste, zezina, gozoak, artisau produktuak (bitxiak, panpinak, egurrezko jostailuak), ahatekiak, gazta, Beasaingo Bear pintura tailerrekoen lanak, kosmetika gaiak, hestebeteak, kontserbak, eztia, fruta deshidratatuak, babarrunak eta nola ez, odolkia.
Eguna borobiltzeko kultur egitarau oparoa
Gernika pasealekuko frontoian goizetik jarriko dira dastaketa-lehiaketara aurkeztutako odolkiak egosten eta eguerdiko ordu batean Odolki lehiaketako sari ematea izango da. Udazken kulturalaren egitarauaren baitan, beste hainbat ekitaldi burutuko dira egunean zehar. Hala, Argizpi argazkilari elkarteak antolatutako argazki rallya burutuko da goizeko bederatzietatik hasita (sari emate ekitaldia abenduaren 2an burutuko da).
Beasaingo Ekaitz Erraldoien eta Buruhandien konpartsak ere bere eguna ospatuko du. Horretarako goizeko hamaikatan Legazpiko LEK, Bilboko Mairuek, Tafallako Asier Marco eta bertako Ekaitz konpartsen bilkura izango da Loinazko San Martin plazan. Arratsaldeko bostetan ere errepikatuko dute.
Arratsaldeko sei t'erdietan Erauskin plazan Kiko eta Moko pailazoek “Parrandan Tutiplen” izeneko ikuskizuna eskainiko dute eta zortzietan Zutik elektrotxarangak musikaz zipriztinduko ditu herriko kaleak.
Egun honetako egitaraua hau izango da:
- 9:00 Argizpik antolatutako argazki rallyaren hasiera.
- 10:00 Bertako produktuen azoka
- 11:00 Erraldoi eta buruhandien korpartsen bilkura
- 11:30 XXXVII. Odolki-dastaketa eta lehiaketa
- 13:00 Odolki lehiaketaren sari banaketa
- 17:00 Erraldoi eta buruhandien bilkura
- 18:30 Haurrentzako ikuskizuna
- 20:00 Elektrotxaranga