Tokikotasunetik, emakumeek eta neskatoek indarkeriarik gabeko espazioez gozatzeko dituzten eskubideak bermatze aldera lan egiteko konpromisoa hartzera nabarmendu da
Beasaingo Udalak herriko emakume elkarte eta talde feministarekin antolatutako egitaraua aurkeztu du
Azaroaren 25a, emakumeeganako indarkeria matxisten aurkako nazioarteko egunaren atarian, Beasaingo Udalak herriko emakume-elkarte eta asanblada feministarekin bat egin du egun honetako aldarrikapenean.
Udal gobernua eta udala osatzen duten gainontzeko alderdiek urtero egiten den gogoetaz gain, bere konpromisoa berretsi dute emakumeek jasaten duten indarkeria mota honen aurka eta bat egin dute EUDELek zabaldutako pdf adierazpenarekin (44 KB) , non irmoki salatzen den emakumeen aurkako sexu-jazarpena eta beste sexu-indarkeria mota batzuk espazio publikoetan.
Azaroaren 25aren inguruan Udalak eta herriko emakume-elkarte eta talde feministek antolatutako egitarauaren aurkezpenean (Asmube, Oriako lamiak, Arroua, Asanblada feminista) Leire Artola alkateak Udalak orain arte bezala bere baliabide guztiak indarkeria mota honi aurre egiteko bideratuko dituela berretsi du. Emakumeen beraien eskubidea aldarrikatzeaz gain, norberaren askatasun indibidual eta kolektiboaren garapena bermatzea ezinbestekoa da.
Gizonen eta emakumeen artean dagoen desberdintasuna agerikoa izaten jarraitzen du; batzuek eta besteek bizitza publikoan parte hartzeko izan dezaketen erabileran, bai eta hirietako eta herrietako kaleez gozatzeko eta haiez jabetzeko orduan ere. Sexu-indarkerian jarri nahi da fokua, izan ere, mundu osoko emakumeak eta neskatilak espazio publikoan sufritzen ari dira. Zehazki, jai eta aisialdi testuinguruan gertatzen den sexu-indarkeriak emakumeen sexualitatea kontrolatzeko funtzio hori betetzen du.
Euskal politika publikoen eta administrazioen betebeharra eta helburua da eskura dituen estrategia eta mekanismo guztiak sustatzea, emakumeek eta neskek beren herritartasun osoa gauzatu ahal izateko hiri eta herrietako espazio fisikoan, eta horiek erabiltzea, berdintasun-baldintzak bermatuta. Toki-administrazioei dagokie, beren politika publikoen eta hiri-plangintzaren bidez, espazio publikoak emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko leku lagunkoi bihurtzea.
Ekitaldiak
Amets Arrospide Berdintasun zinegotziak bere aldetik, egitaraua aurkeztu du. Azaroaren 25 bitartean antolatutako ekitaldiak, Udalak herriko elkarte eta talde feministekin elkarlanean landutakoak.
Azaroaren 23an, arratsaldeko 18.00etan, Asmube elkarteko abesbatzaren erakustaldia eta Kristina Galarraga idazle beasaindarraren azken liburuaren aurkezpena egingo dira Igartzako jauregian.
Azaroaren 24a arte, aurtengo sormen lehiaketarako lanak aurkeztu ahal izango dira: emakumeen aurkako indarkeriak “Zer egiten dut indarkeria matxistei aurre egiteko?”
Azaroaren 25ean, arratsaldeko 18.30tan Erauskin plazan duela bi urte sortutako dantza berreskuratu eta dantzatuko da, Esku dantza Irradakan. Jarraian, 19:00etan elkarretaratzea burutuko da toki berean. Udalak, eta elkarte feministek, herritarrei dei egiten die elkarretaratzean parte har dezaten, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko.
Azaroaren 26an, 18:00etan Gernika pasealekuko frontoian, aurtengo Sormen lehiaketaren sari emate ekitaldia burutuko da. Ordu erdi beranduago, diziplina anitzeko “Emakumeak” proiektuak, dokumental, eleberri, grafiko eta dantza ikuskizuna eskainiko da.
Azaroaren 25a arte, “AHLAM, bizitza batekin amestuz” erakusketa Igartzako burdinolan. Emakume palestinarren egoera ikustarazteko irudiek osatzen dute.
Igunean eskuragarri egongo dira txapa moreak eta Maddi Aiestaranek idatzitako bertso ilustratua. Egitarauaren antolatzaileek azpimarratu dute emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzea guztion ardura dela, beraz, guztioi eragiten digun gaitza dela kontuan izanik, norbanako moduan guztiok dugula zer esana eta zer egina. Herritarrei ekintzetan parte har dezaten dei eginez amaitu da aurkezpen ekitaldia eta indarkeria hau sufritzen duten emakumeei laguntzeko telefono zenbakiak gogoratuz.