Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Txakur Eredugarri Programaren laugarren edizioa martxan

2023/01/27

Ekimena abian jarri zenetik guztira 80 jabe-txakur bikoteek hartu dute parte formakuntzetan eta sozializazio paseotan

Euskal artzain txakur erakustaldia, eta pandemiaren ondorioz aurreko urtetan egin ezin ziren sentsibilizazio hitzaldiak eta adineko pertsonei zuzendutako saio teoriko-praktikoak berreskuratuko dira 

Udalerriko txakur jabeak arduratsuak izateko eta herritarren arteko bizikidetza hobetzeko helburuz Udalak sortutako programa aitzindaria da 

2023ko Txakur Eredugarri Programak datozen egunetan hasiko du bere ibilia. Herritarren arteko bizikidetza eta udalerri atsegin, txukun, eroso eta bizigarria izateko helburuari jarraiki, Beasaingo Udalak sortutako programak laugarren edizioa beteko du honela. Ekimen hau udal gobernuak bere legealdi planean zeukan aurreikusita eta pertsonen ongizatean eragitea du helburu. Kasu honetan txakurren eta pertsonen arteko elkarbizitza hobetzera dator eta animalien jabetza arduratsua sustatzea. 

Laster hasiko den edizio berriari begira, pandemiak eragindako egoeraren ondorioz eta jende pilaketak ekidite aldera bertan behera geratu ziren sentsibilizazio ekitaldiak eta adineko pertsonei zuzendutako tailerrak berreskuratuko dira. Gainontzean, jabe eredugarri izateko formakuntzak, sozializazio paseoak eta Euskal Artzain Txakurren erakustaldiak osatuko dute aurtengo programa. 

Arduraz jokatzeko formakuntza

Aurten errepikatuko diren Jabe Eredugarri izeneko formakuntza intentsiboen hiru txanda antolatu dira bakoitza zortzi saio presentzialez osatua. Otsailaren 7an hasi eta asteazkenero burutuko dira udaletxeko plazan 18:00tan. Eskaera asko jasoko balira, bigarren talde bat ere osatuko litzateke astearte arratsaldeetarako. 

Honela, hurrenez-hurren astero burutuko dira saioak azterketara iritsi arte. Bertan, kanpotik etorritako hezitzaile-aztertzaile batek azterketa bat egingo die parte hartu nahi duten txakur-jabe bikoteei. Horrela, azterketa gainditzen dutenek txakur heziketa titulu ofiziala jasoko dute.

Saio hauetara txakur jabeak txakurrekin etorri beharko dira, saioak praktikoak izango dira eta. Doakoa den ekintza honetan parte hartzeko izena eman beharko da Beasaingo Udalaren webean aurkitzen den txakur eredugarri programako atalean helbide honetan

Sozializazio paseoak ere jarraipena izango dute. Ostegunero errepikatuko dira. Jabeak eta txakurrak Loinazko San Martin plazatik abiatuko dira arratsaldeko 18:00etan. Nahitaezkoa izango da kurtsoan izena ematea paseoetara batzeko.  

Euskal artzain txakur erakustaldia

Egitasmoan ikusgarritasuna duen ekimenetako bat Euskal Artzain Txakurren erakustaldia da, iaz Igartzako Monumentu Multzoko zelaian lehenengoz egin zena. Saio honen helburua, gurea den eta desagertzeko arriskuan dagoen arraza bat ezagutarazi eta balioan jartzea da. Horretarako, txakur hauen gaitasun eta abileziak agerian jarriko dituen erakustaldi bat burutuko da maiatzeko lehen astebukaeran.

Hitzaldiak eta adineko pertsonekin tailerrak

Apirilean martxan jarriko den beste edukietako bat hirugarren adinekoekin burutuko diren tailer teoriko-praktikoak izango dira. Txakurrak laztandu eta beraiekin komunikatuz, estimulazio kognitibo eta sentsoriala landuko dute, baita komunikazio afektibo eta ludikoa indartu ere. Nagusien Egoitza, Eguneko Zentroa, Porteriko Eguneko Zentroa eta Urbiberri gizarte egoitzan ordubeteko saioak egingo dituzte txakur hezitzaile profesional baten gidaritzapean. 

Hasiera batean txakur jabeei soilik zuzendutako programa badirudi ere, gainontzeko herritarrentzako ekimenak ere badaude; honen adibide da “Txakurren Hizkuntza” izeneko saioa. Bertan, haur eta nagusientzat hitzaldi bana emango dira animalia hauengana nola gerturaru eta beraiekin nola jokatu erakusteko.

Erantzun arrakastatsua

Guztira iaz, hiru formakuntza txanda burutu ziren. Hauetako bakoitzean 10 txakur-jabe bikoteek hartu dute parte, guztira 30 bikote. Plaza guztiak bete ziren. Gainera 30 bikote hauetatik 24-ek trebakuntza azterketa gainditu eta dagokion ziurtagiria eskuratu zuten. Sozializazio paseoei dagokionez,  Jabe Eredugarri Formakuntzako bikoteek hartu dute parte. eta era berean, plaza guztiak agortu ziren.

Kontzientziazioa eta sentsibilizazioa

Egunetik egunera, handitzen doa maskota kopurua udalerrian. Horregatik, ezinbestekoa da txakurrak dituztenen eta ez dituztenen arteko elkarbizitza eta harreman egoki baterako baliabideak eta bitartekoak eskaintzea. 

Txakur eredugarri programak, bitarteko ezberdinak erabiliz, txakurren eragina eta hauekin harremana izan dezaketen eremu eta eragile guztiengana iritsi nahi du. Horrela, txakur gorotzak kalean uztea edo txakurrak gune publikoan aske eramatea bezalako dinamikak ezabatu nahi ditu formakuntza eta sentsibilizazioaren bitartez. Beasaingo Udalak programa hau elkarlanean burutuko du Arriaran auzoan kokatuta dagoen Kangune txakurren trebakuntzan espezializatutako zentroaren laguntzarekin. 

artzai txakur 2022