Datozen astetan, inguruko etxebizitzen azterketa teknikoa burutuko da. Ikuskapenen helburua, eraispen lanak hasi aurretik etxebizitzen egoera dokumentatzea izango da
Lanen hasieraren gertutasuna medio, Udalak orain hasiko diren fase desberdin eta afekzioei buruzko informazioa helarazi zien Ezkiaga eta Porteria inguruko bizilagunei uztailean eta abenduan egindako bileretan. Ia bi urte irautea espero diren lanen nondik norakoak eta xehetasunak jakinaraztea garrantzitsua dela irizten bait dute udal agintariek. Gauzak horrela, iritsi da lanen hasierako eguna.
Eraispenen ondorioz, eraikinetako hainbat elementu lekuz aldatu edo gordeko dira. Esaterako, jada birlandatu da kapera ondoko ezkia Joan XXIII kaleko 12. zenbakiaren pareko lorategian. Amiantorenei eskultura aldiz, Udalak, CAFeko sindikatuekin eta Amiantoaz kaltetutakoen elkartearekin adostu ondoren lanak aurrera egin ahala ere lorategi horretara eramango da.
Obra inguruko etxeen ikuskapena
Lanen lehen fasean, Oria ibaiaren ezkerraldea handitzea eta bulego eraikina ez ezik, beste eraikin guztiak eraistea aurreikusten da. Eraispen lanak hasi baino lehen Jose Migel Iturriotz kaleko 19 – 27 zenbaki bitarteko eta Joan XXIII kaleko 7, 8, 9, 10, 11 eta 12 zenbakietako etxebizitzak ikuskatuko dira. Horretarako, udaltzaingoak bandoak jarri ditu jabekideen atarietan, edozein kontsulta nahiz gertakari edukiz gero arduradunekin kontaktuan jarri ahal izateko.
Ikuskapenen helburua, obra lanak hasi aurretik haien egoera dokumentatzea izango da, obren ondorioz sortu litezkeen kalteak erregistratu ahal izateko. Datozen egunetan Arretxe Zerbitzuak S.L. enpresa, etxebizitza bakoitzeko jabearekin jarriko da harremanetan, ikuskaketa bisitak zehazteko asmoz.
Lanen lehen fasea
Ur Agentziaren arabera, etxeetako ikuskapen lanak amaitzean, lehen faseari dagozkion lanak hasiko dira eta hamar asteko iraupena izango dute. Obraren lehen bi asteetan, eremua hesitu eta prestatuko da, baita makineria eta langileen beharretarako azpiegiturak kokatu ere.
Ondoren, hirugarren astean, ur-jauziaren eraispena egingo litzateke eta laugarrenean, Porteria eremuko eraikinen eraispena. Lehena Porteria edo CAFeko sarrera nagusia izango da. Honen ondoren zubia eta segidan kaperaren ondoko eraikina eta kapera. Bulegoen eraikina eta bere pasabidea izango da ibaiaz bestaldeko lantegiarekin geratuko den lotura bakarra. Behin zubi berria prest dagoenean, azken eraikin hau eta oinezko pasabide zaharra ere eraitsi egingo dira.