Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Emakume zientzialariei aitortza egingo diete Beasaingo saltokiek

2023/02/06

 “Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna” ospatzeko, Beasaingo Udalak eta Elhuyarrek sustatutako “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean parte hartuko dute Beasaingo saltokiek

Otsailaren 3tik 13ra, Beasaingo 12 saltokik emakume ikertzaile baten omenez apainduko dute beren erakusleihoa

Otsailaren 13an, Ingenieritza elkargoa eta Lemniskaren eskutik, “Emakume ingeniariak” mahai-ingurua egingo da DBH eta Batxilergoko ikasleen artean ingeniaritzarekin lotutako ikasketekiko interesa pizteko

Beasaingo Udalak eta Elhuyarrek “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoa jarri dute martxan herriko dendatan, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egin duten lana ezagutarazteko. Otsailaren 11n ospatuko den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin batera, erakusleihoak apaindu dituzte Beasaingo 12 saltokik. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute.

Hauek dira Beasainen “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean parte hartuko duten saltokien zerrenda: Amaia Perales Elikadura eta Osasuna, Argi Optika, Arnedoko txokoa, Batera Belardenda eta takeaway, Bilbao Aseguruak, Fas Más, Foto Alzuri, Itoiz, Kux Kux, Labores Otea, Ogiberri, Txomin Zubeldia. 

Aurtengo edizioan “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean omenaldia jaso duten emakumezko zientzialariak honako hauek dira:

  • Mari Luz Esteban Galarza (Pedrosa de Valdeporres, Burgos, 1959). Medikua eta antropologoa
  • Maryam Mirzajani (Teherán, Iran, 1977-2017). Matematikaria
  • Estibaliz Apellaniz Ingunza (Bilbo, Bizkaia, 1954). Geologoa
  • Emma Roca Rodríguez (Bartzelona, Katalunia, 1973-2021). Biokimikaria
  • Dorcas Muthoni (Nyeri, Kenya, 1979). Ingeniari informatikoa
  • Homira May Rezai (Jaghori, Afganistan, 1993). Medikua
  • Melissa Cristina Márquez Villalobos (San Juan, Puerto Rico, 1993). Itsas biologoa
  • Amaia Arranz Otaegui (Tolosa, Gipuzkoa, 1987). Historialaria eta arkeobotanikaria
  • Sally Ride (Encino, AEB, 1952-2012). NASAko fisikaria, dibulgatzailea eta astronauta
  • Maddi Astigarraga Bergara (Deba, Gipuzkoa, 1997). Ingeniari biomedikoa eta ilustratzaile zientifikoa
  • Ainara Sangroniz Agudo (Elgeta, Gipuzkoa, 1991). Kimikaria
  • Katalin Karikó (Szeged, Hungaria, 1955). Biokimikaria

Aplikazioa gehiago ezagutzeko

Aurten, GINKANA batean parte hartzeko aukera ere izango da. Actionbound aplikazioa jaitsiz, dendaz denda, 12 emakumeen kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneatuta, emakumeen inguruko galderei erantzun beharko zaie.

Emakume ikertzaile horien ilustrazioak Bizilaberen webgunean eskegiko dira, beren lanari buruzko informazioarekin batera; informazio horretan, ikertzaileen bizitza, ibilbidea eta aurkikuntzak biltzen dira. Bizilabe gazteentzako zientzia- eta teknologia-ekintzak egiteko aisialdi-eskaintzaren barruan kokatzen da ekimen hau eta, guztira, Bilbo, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Mungia, Elgoibar, Deba, Beasain eta Donostiako 218 saltokik hartuko dute parte.

Emakume ingeniariak mahai-ingurua

Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargoaren eskutik eta Lemniskata zientzia elkartearen laguntzarekin, ”Emakume ingeniariak” mahai-ingurua antolatu da otsailaren 13an. Usurbe antzokian burutuko den ekitaldia, goizeko 10:00etan izango da eta ikasleei zuzenduta egongo da. Ingeniaritzaren sektorean jardun duten hiru emakume sektoreari buruz eta Ingeniaritzarekin lotutako ikasketei buruz mintzatuko dira, DBH eta Batxilergoko ikasleen artean Ingeniaritzarekin lotutako ikasketekiko interesa piztea baita jardunaldiaren helburua. 

Mahai-inguruan, moderatzaile lanetan Amaia Gomendio, (Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Industrialeko Masterraren Koordinatzailea) izango da eta mahaikide, Uxue Ayala (CAFeko Erosketa saila), Laida San Sebastian (Mondragon Unibertsitateko Ekintzailetza Teknologikoko Jasangarriaren arloa) eta Itxaro Sukia (Mondragon Unibertsitateko Doktoretza ikaslea).

Emakumeak Zientzian” ekimenaren baitan antolatzen den ekitaldietako bat da Beasainen egingo den mahai-ingurua. Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargoak beste 24 erakunderekin batera parte hartzen du ekimen honetan eta helburua emakume eta neskek zientzia munduan duten papera ikusarazi eta aldarrikatzea da.