Udalerriko eragileekin batera antolatutako egitaraua aurkeztu da udaletxean
Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna du jomuga Udalak herritarrekin eta tokiko elkarte eta mugimendu feministarekin lankidetza estuan
Martxoaren 8aren inguruan antolatu den egitarauaren aurkezpenean, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko aldarrikapenak aurrera egiten jarraitzeko urratsak etenik gabe ematen jarraitzeko konpromisoa berretsi da. Norbanakoen, kolektiboen eta erakundeen arteko elkarlanetik, nork bere eragin-eremutik abiatuta, indarrak batuz eta estrategiak partekatuz helburu bera dutela jomuga adierazi dute; emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea.
Leire Artola Beasaingo alkatea, berdintasun zinegotzia Amets Arrospide, Asmube elkarteko partaideak izan dira aurtengo martxoaren 8aren inguruan antolatutako ekitaldien xehetasunak ematen.
Alkatearen iritziz, gizon eta emakumeen arteko berdintasun hori lortzeko “ezinbestekoa da emakumeen eguna aldarrikatzen jarraitzea”. Hartara, guztion parte hartzetik eta elkarlanetik eman behar diren aldaketak indarrak batuz lortuko direla gaineratu du. Era berean erantsi du, Udalek herritarrekin eta tokiko elkarte eta mugimendu feministarekin lankidetza estuan helburu horretan sakondu behar dutela emakumeen parte hartzea areagotzeko.
Egitarau anitza eta banderak balkoietan
Amets Arrospide berdintasun zinegotziak, egitarauan txertatu diren ekimenak zerrendatu ditu. Arlo askotarikoak dira; erakusketa, ipuin kontaketa, sariketa, zine emankizunak, bisita gidatua, musika eta abar. Ekitaldi nagusia martxoaren 8an egingo den elkarretaratzea izango da Erauskin plazan 12:00etan.
Martxoaren 1ean Udal Euskaltegiak urteroko legez antolatzen duen M-Lehiaketak emango dio hasiera egitarauari; on line eta astebete irauten duen lehiaketaren aurtengo gaia, emakume margolariak izango da.
Martxoaren 2an 18:30ean inauguratuko da “Emakumeak eta lihoa” erakusketa Igartzako jauregian, eta 19a arte egongo da zabalik.
Martxoaren 5ean Legazpiko Doinua Musika Eskola eta Asmubeko abesbatzen emanaldia izango da Igartzako jauregian 18:00etan.
Martxoaren 6an, 17:30ean udal bibliotekan, “Nire izena, zure izena. Nire ahotsa, zure ahotsa” kontakizuna eskainiko du Mireia Delgado ipuin kontalariak. Saio honetarako sarrerak eskuragai izango dira bibliotekan bertan.
Emakumeen Nazioarteko egunean, martxoaren 8an, Loinazko San Martin plazan 11:00etan, herriko ikastetxeekin burutuko da ekitaldia eta Erauskin plazan 12:00etan elkarretaratzea egingo da.
Martxoaren 9an, Usurbe antzokian 18:00etan “Simone, la mujer del siglo” filma eskainiko da.
Igartza Musika Programaren baitan eta egitarau honetan barneratuta, “Anari”ren kontzertua izango da Igartzako jauregian martxoaren 10ean 20:30ean.
Emakumeek Igartzako monumentuaren historian izan duten garrantzia kontuan izanik, “Emakumeak eta Igartza” bisita gidatua antolatu da martxoaren 12rako eguerdiko 12:00etan. Izena emateko
Eta egitarauarekin amaituz, martxoaren 19an Loinazko San Martin plaza azpian “Magma Mia” umorezko bakarrizketa eskainiko du Beatriz Egizabalek.
Aurtengo martxoaren inguruko ospakizunak eta ekitaldiak girotu asmoz, balkoietan jartzeko bandera morea eskuragai izango dute herritarrek bai Igunean -herritarrentzako informazio bulegoa- eta udaleko Herritarrak saileko bulegoan.