Erauskin plaza inguruko eremuko hirigintza eta mugikortasun aukerak aztertzeko hausnarketa prozesua abian jarriko du Udalak. Nafarroa etorbidea eta Kale Nagusia lotzen dituen eremua oinezkoentzako bihurtzeko froga martxan da eta prozesu berri honekin, Udalak iritzi ezberdinak bildu nahi ditu hirigintza, mugikortasun, merkataritza eta aisialdi alorretan
Udalak herritarrei Beasain atseginagoa, erosoagoa eta egokiagoa eskaintzeko helburuarekin jarraitzen du lanean beren ongizate eta bizi kalitatean eragin zuzena duelako. Hori horrela, Nafarroa etorbidea eta Kale Nagusia lotzen dituen eremua biziberritzeko, hutsik dauden lokalei erabilera berria emateko eta bertako merkataritza indartzeko, aipatutako gune hau oinezkoentzako bihurtzeko froga jarri zuen martxan duela hilabete batzuk. Horrela, bertan, oinezkoentzako herrian dauden beste espazioetan gertatu bezala, ibilgailuen sarbidea murriztu da.
Adin, lanbide eta alor ezberdinetako 25 pertsonaz osatutako talde batek eremu horren etorkizunaz hausnar egingo du Prometea enpresak gidatuko duen prozesuan.
Udalak herritarren parte hartzearekin Erauskin plaza inguru honek hirigintza eta mugikortasun ikuspegitik izan ditzaken aukerak aztertu nahi ditu. Horretarako, talde-lana sustatzen eta parte hartzea ahalbidetzeko prozesuak gidatzen dituen Prometea enpresaren eskutik, hausnarketa kolektiborako prozesua egingo da 25 herritarrez osatutako lan-taldearekin.
Talde anitza osatu nahi izan da; adin, lanbide eta alor ezberdinetako pertsonak. Besteak beste Beasaingo herritarrak, eragile desberdinak, udal teknikariak, erretiratuak, gazteak, dendariak, merkatariak, bertako bizilagunak, emakume elkartekoak, eta ikastetxeetako gurasoak. Eremu horrekiko eta udalerriarekiko begirada desberdinak bildu nahi baitira hirigintza, mugikortasuna, merkataritza eta aisialdi alorretan.
Honela, hiru bileraz osatutako hausnarketa prozesua burutuko da eta parte hartzaileek elkarrekin Erauskin plaza inguruko gaurko egoeraren azterketa egingo dute ikuspuntu desberdinetatik (hirigintza, espazio publikoa, mugikortasuna, merkataritza, egunerokotasuna …). Etorkizunari begira, eta udalerri ikuspegitik, eremu horren zentzua eta funtzioa aztertzeaz gain, eremu hori eraldatu eta hobetzeko aukera desberdinak jorratuko dira.
Hiru saioen egutegia honakoa izango da: lehen saioa maiatzaren 23an izango da, bigarrena ekainaren 13an, eta hirugarrena ekainaren 27an. Guztiak udaletxeko batzar aretoan izango dira ordutegi honetan, 19:00etatik 21:00etara.
Taldea osatuko duten partaideen kopurua mugatua bada ere, parte hartzeko interes berezia duen herritarrik balego,Udalarekin harremanetan jar daiteke Igunearen bidez, bilerak hasi aurretik.