Gaur goizean Beasaingo kiroldegiko kanpoko igerileku ertaineko uraren isurketaren gainean honako argibideak eman nahi ditu Beasaingo Udalak.
Goizeko lehen orduan, igerilekuetako mantenuaren ardura duen langilea uraren parametroak aztertzean ohartu da udako igerileku ertainak kloroaren maila altua zela (ia 10 ppm). Arrazoia aztertu ondoren, gauean dosifikagailua matxuratu eta kloro gehiegi isuri dela igerileku honetan ikusi du.
Auto-babes plana jarraituz ura berritzeari ekin dio, igerilekuaren zati bat hustu eta sareko ura sartuz. Guztira 30m3 isuri dira 07.00etatik 7:40ra.
Bestalde, goizean zehar herritar batzuk Udaletxera deitu dute esanez Igartzako jauregiko zubiaren inguruan zenbait arrain hilik agertu direla eta usain txarra zegoela. Hori horrela, Aldundiko teknikari bat kiroldegira etorri da eta gertatutakoa aztertu du. Honekin batera Ur agentziako bi ikuskatzaile ere kiroldegira etorri dira gaia aztertzera.
Udalak, ikerketa sakonagoek ziurtatzen ez duten artean, ezin dezake ondorioztatu errekan gertatutakoa igerilekuko urak eragin duenik soilik. Diputazioko teknikoaren hitzetan, beroak, errekan ur gutxi egoteak eta isuritako igerilekuko urak kloro altua izateak eragina izan dezakete.
Amaitzeko, esan Kirolaren Udal Fundazioak helburu duela herriko kirol instalazioen jarduerak ingurugiroan duen eragina murriztea. Konpromiso hau tinkoa izanik, igerilekuetako instalazioen funtzionamenduaren parte diren prozesuak etengabe aztertu eta optimizatzeko konpromisoa hartzen du.