Atzegi, Gureak Itinerary eta langilearen eskutik jaso du alkateak oroigarria agertutako inplikazioa eta konpromisoagatik. Pauso Berriak programak adimen urritasuna duten pertsonak beren lan ibilbidean laguntzea du helburu
Atzegi eta Gureak Itinerary-ko ordezkariak eta Iñigo Garciaren eskutik jaso du Beasaingo Udalaren izenean Aitor Aldasoro alkateak aitortzaren erakusgarri den diploma. Honen bidez, Udalari, ezgaitasunen bat dutenen gizarte inklusioan erakutsitako konpromiso eta inplikazioagatik aitorpena adierazi nahi izan diote.
Aitor Aldasorok bere aldetik, aitortza honen adierazpena eskertu eta Pauso Berriak programan parte hartzearen garrantzia nabarmendu du. Honelako ekimenek, pertsonen ongizatean eta bizi kalitatean eragina bait dute eta hori egungo Udalaren helburu ere ba da. Bide batez, Pauso Berriak programak dituen helburuekin bat egiteaz gain, hauek aurrera eramateko bideak erraztuko dituzten formulak bilatzen jarraitzeko konpromisoa mantenduko duela adierazi du.
Pauso berriak
Programaren arduradunen hitzetan, Pauso Berriak inklusio sozio-laboraleko egitasmo itxaropentsu, berritzaile eta etorkizunez betea da. Erakundeen laguntza eta adimen urritasuna duten pertsonen eta beren familien harrera beroa du eta enpresarien eta Gipuzkoako gizartearen konpromisoa bilatzen du.
Programaren helburua adimen urritasuna duten pertsonak beren lan ibilbidean laguntzea da, betiere komunitatearen parte diren enpresa, erakunde edo ageriko lanpostuetan, esaterako, ikastetxeak, museoak, egoitzetan, udaletxetan, bulegotan … . Programaren sustatzaileak Atzegi eta Gureak Itinerary dira eta Lanbide eta Gipuzkoako Foru Aldundia laguntzaileak.