Udako oporren aurretik egindako azken Udalbatza osoan onartutako proposamenetako bat izan zen eta ebaluazioa egiteko eskaera luzatuko dio Udalak Eusko Jaurlaritzari
Proposamen guztien artean Bikain euskararen kalitate ziurtagiria lortzeko eskaera egiteko proposamenaren bozketa izan zen aho batez onartu ez zen bakarra. EHBildu taldearen aurkako 6 botoak jaso zituen eta EAJ-PNV + PSOE-PSEren aldekoak (9). Honela bada, proposamenak aurrera egin zuen eta Udalak Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politika sailburuordetzari Udalaren ebaluazioa egitea eskatuko dio Bikain euskararen kalitate ziurtagiria lortzeko.
Eguneko gai zerrenda ondorengo gaiek osatu zuten eta proposamen guztiak aho batez onartuak izan ziren; konpromisozko kredituen eranskinaren aldaketa-proposamena, Arangoiti egoitzaren teilatua zaharberritzeko obrek sortzen duten eraikuntza, obra eta instalazioen gaineko zergaren hobari eskariari buruzko proposamena, Agenda 21-en baitan, Beasaingo iraunkortasunerako II. ekintza-planaren onarpen proposamena, Gipuzkoako Foru Aldundiko legezko ordezkarien erroldan jasotako datuen kontsulta egin ahal izateko hitzarmenaren D-7 eranskina sinatzeko erabaki proposamena, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren eta Beasaingo Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko onartzeko proposamena eta azkenik alkatearen ebazpenak: 2017ko ekainaren 26tik uztailaren 15erarte emandako ebazpenak.