Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Udal gobernuak tasak eta zergak izoztea proposatu du 2018rako

2017/09/15

Datorren urteko Ordenantza fiskalen onarpenerako, tasa eta zergek igoerarik ez izatea proposatu du Udal gobernuak

Madrilen kupoaren baitan Alderdi Jeltzaleak egindako kudeaketak tokikotasunean eragina izan du eta Udalaren presio fiskala baretu da aurreikusitako dirurik ez da itzuli beharko

2018ko Ordenantza fiskalei lotuta, Beasaingo Udal gobernuak datorren urtera begira tasa eta zerga guztiak izoztea proposatu du. Proposamen horren berri eman zieten atzo oposizioko taldeei eta Ordenantza fiskalak oro har ez du aldaketarik izango.

Esan bezala  2018rako tasa eta zergek igoerarik ez izatea proposatu du gobernu taldeak diru sarrera eta gastuen arteko orekak igoerarik eskatzen ez duelako, baina bereziki, Udalaren presio fiskala baretu delako. Hau da, Madrilgo gobernuarekin Eusko Alderdi Jeltzaleak kupoaren negoziaketan lortutako akordioari esker, Beasaingo Udalak ez du aurreikusitako 462.623€ko kopurua itzuli behar izango. Negoziaketen bidez,  beraz, aurreko urteetan izandako “presio fiskala” arintzea lortu da eta horrek Udalak aipatu kopurua itzuli behar ez izatea ekarriko du.

Gauzak honela, ondasun higiezinen zerga, jarduera ekonomikoen zerga edo Eraikuntza, obren eta instalakuntzen zergak ez dute igoerarik izango. Modu berean ura, zaborrak edota lurzoruaren okupazioagatik ordaintzen diren tasak ere ez dute aldaketarik jasango, oro har.

Honenbestez, erabakia Udal gobernuak oposizioari jakinarazi dio eta honen ekarpen edo proposamenak jaso ostean 2018ko ordenantza fiskalak  onartuak izango dira.