Aparkaleku-erreserba berezia eskuratzeko araudia
GAO 2000ko Ekainaren 12an 110 Zk
1. Araudi honen xedea
Mugikortasun-arazoak dituzten pertsona elbarriek, euren etxeetatik gertu, berek bakarrik erabiltzeko aparkaleku-erreserba izan dezaten ahalbidetzea.
2. Aplikazio-arloa
Bizilekua Beasainen duten pertsona elbarriei aplikatuko zaie araudi hau, baldin eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuetako Gizartekintzako elbarritasun-sailak halakotzat aitortu baldin baditu.
3. Aparkaleku-erreserba eskuratzeko baldintzak
Eskatzaileak honako baldintza hauek bete behar ditu:
- Beasainen erroldatuta egotea.
- Aparkaleku-erreserba eskatzeko, eskatzailea ibilgailuaren jabe izatea eta ibilgailua joan-etorrietarako berak erabiltzea.
- Ibilgailua bere mugikortasun-arazoak gainditzeko egokituta edukitzea.
- EBL/LISMI (Elbarrituak Bergizarteratzeko Legearen) Mugikortasun--baremoan 7. maila izatea, izan ere, maila hori dutenek Taldeko Garraio Publikoak erabiltzeko benetako arazoak dituztela jotzen baita.
- Eskatzaileak garajerik ez izatea, edota bertarako sarbidea elbarrientzat zaila izatea.
4. Aurkeztu beharreko agiriak
- Eskaera.
- NAren kopia.
- Ibilgailuaren zirkulazio-baimenaren kopia.
- Gidatzeko baimenaren kopia.
- Ikuskapen teknikoaren txartelaren kopia
- Elbarritasun-kalifikazioa, mugikortasun-arazoa neurtzen duena.
5. Prozedura
Eskaera, Udaleko Harrera-bulegoan aurkeztuko da agiri guztiekin batera eta Sanitate eta Gizarte Ongizate batzordeak baloratu ondoren, Alkateak onartu edo ukatu egingo du aparkaleku-erreserba bereziaren eskaera.
Balorazio-batzorde bat eratuko da (Gizarte Ongizate eta Gobernazio batzordeetako arduradunek eta Gipuzkoako Gutxitu Fisikoen koordinakundeko ordezkari batek osatua), honek gertatzen diren egoera bereziak aztertuko ditu eta Sanitate eta Gizarte Ongizate-batzordeari berri emango dio.
Aparkatzeko emandako lekuaren seinaleztapena, Udaleko Zerbitzu--sailak egingo du.
Seinaleztapenaren eta bere aldaketen kostuak, Udalaren kontura izango dira.
6. Aparkaleku-erreserba ematearen baldintzak
Aparkaleku-erreserba ematea, beti ere aukerakoa izango da, behin-behinekoa eta beste inoren kalterik gabekoa.
Aparkaleku-erreserba emateak ez du inolako eskubide subjektiborik sortzen, eta beraz, bere amaiera erabakitzen bada, ez du kalteordainik jasotzeko eskubiderik izango.
7. Emakidaren epea
Aparkaleku-erreserba eskuraturik, urte bereko abenduaren 31ra arteko balioa izango du. Aparkaleku-erreserba, urtero berrituko da eta interesatuak abenduan eskatu beharko du.
8. Emakida kentzea
Emakida kentzeko arrazoiak honako hauek izango dira:
- Iruzurra/Gehiegikeria. Aparkaleku-erreserba duen ibilgailua minusbaliatuak berak ez erabiltzea.
- Araudi honetan jasotako edozein baldintza ez betetzea.
- Indarrean dagoen legeriak aurreikusten duen beste edozein.
Azken eguneratzea: 2008/07/25