Udalak iaz Aspe eta Asegarce enpresekin hasitako elkarlanerako hitzarmenari jarraipena emanez, ekainaren 8an eta 16an jokatuko dira lau t’erdiko San Fermin txapelketaren kanporaketak Antzizar kiroldegian
Aurtengo berrikuntzetako bat ekainaren 16ko jaialdian emakumeen esku pilota partida izango da
Beasaingo Udalak iaz abiarazitako pilotaren aldeko apustuari eutsiz aurkeztu ditu aurten antolatutako bi jaialdiak. Honela, goi mailako pilotari profesionalen partiduak urte sasoi honetan Beasainen egonkortzeko asmoari jarraipena ematen zaio.
Lau t’erdiko San Fermin txapelketaren kanporaketen garaia denez ekainaren 8a eta 16a izan dira aukeratutako datak. Lehen jaialdia Aspek antolatua da eta bigarrena Asegarcek.
Aurkezpenean Udalaren izenean Aitor Aldasoro alkatea eta Elena Ruiz kirol zinegotzia izan dira. Alkateak gogorarazi du hitzordu honekin iaz hartutako konpromisoari eusten zaiola, kirola eta pilotaren jarduera indartu eta afizioa egiten jarraitzeko oinarri sendoak jarriz. Honi lotuta, emakumeen arteko pilota partiduaren garrantzia azpimarratu du, kirolean ere berdintasunaren alde pausoak eman behar direla nabarmenduz.
Enpresen aldetik Inaxio Herrandonea Aspetik eta Rafa Etxeberria Asegarceko gerentea izan dira. Bakoitzak bere ardurapean dagoen jaialdiaren xehetasunak aletu dituzte eta Beasainera etorriko diren pilotarien maila goraipatu dute. Aurkezpenean bertan izan dira Peña II.a, Elezkano, Mendizabal, Albisu, Iraitz Zubizarreta beasaindar promesa eta Etxebarria bizkaitarra.
Bi jaialdi
Ekainaren 8ko jaialdiaren egitaraua honela osatua dago; 22:00etan hasiko da III. etorkizuneko ETB torneoaren partiduarekin; Zabala eta Etxeberria, Zubizarreta eta Garmendiaren aurka. Ondoren lau t’erdiko San Fermin txapelketaren kanporaketak jokatuko dira izen handiko pilotari hauekin, Retegi Bi Irribarriaren aurka eta Mendizabal III.a Elezkano II.aren aurka.
Bigarren jaialdia ekainaren 16an burutuko da. 17:15etan hasita emakumezko pilota partidan Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendi, Arrate Bergara eta Miriam Arrillagaren aurka lehiatuko dira. Ondoren gizonezkoen binakako partidan Arteaga II.a eta Ladis Galarza, Peña II.a eta Albisuren aurka jokatuko dute. Lau t’erdiko San Fermin txapelketaren kanporaketan Bengoetxea VI.ak aurreko kanporaketetan erabakitzen denaren arabera honako pilotari hauetako baten aurka jokatuko du Victor, Artola edo Laso.
ETBk zuzenean eskainiko ditu bi jaialdiak. Sarrerak 25 euroan izango dira salgai (16 urte artekoak doan) eta aldez aurretik maiatzaren 25etik aurrera eskuratu ahal izango dira Antzizar kiroldegian edo egunean bertan leihatilan.