Binakako promozio txapelketako finalerdietako partiduan Beñat Garmendia beasaindarra eta Etxeberria, Ugalde eta Jaunarenaren aurka jokatuko dute eta lehen mailakoan aurrez aurre Ezkurdia eta Erostarbe, eta Jaka eta Ladis Galarza izango dira
Udalak honela enpresekin duen akordioari esker Beasainen goi mailako pilota partiduak antolatuz, pilota sustatzeko ahaleginari eusten dio
Hitzordua igande honetan, martxoak 3, izango da arratsaldeko 17:00etan Antzizar kiroldegiko frontoian. Goi mailako pilotari profesionalak eta binakako promozioko txapela lortzeko ahaleginean dabiltzan bikoteak ikusteko aukera izango da, tartean urtarrilean profesionaletan debuta egin zuen Beñat Garmendia beasaindarra.
Pilotazaleentzako jaialdi erakargarria antolatu da. Binakako txapelketaren barruko partiduak izango dira. Alde batetik, promozioko txapelketaren barruan finalerdietako partidua jokatuko da Beñat Garmendia eta Etxeberria, Ugalde eta Jaunarenaren artean. Hauek finalera iristeko lehian izango dira. Bestalde, jaialdia borobiltzeko bigarren partidua egungo lehen mailako punta-puntako pilotariak jokatuko dute, Ezkurdia (egungo lau terdiko eta binakako txapelduna) eta Erostarbe, Jaka eta Ladis Galarzaren aurka.
Beasaingo Udalak honela herrian pilota eta kirol honekiko zaletasuna pizteko ahaleginean jarraitzen du. Murumendi pilota eskolarekin eta duela bi urte pilota enpresa nagusienekin hitzartutako akordioari esker, goi mailako pilotarien arteko partiduak Beasainen jokatzeko konpromisoa lortu zuen. Ekainean San Fermin txapelketako finalerdietako partiduak jokatuz jarri zen martxan akordioa. Aurten errepikatuko dira ekaineko jaialdiak baina bi aldeak ez dira horretara bakarrik mugatuko eta aukera sortzen denean bien adostasunarekin jaialdi gehiago antolatzeko aukera zabalik dago, orain gertatu dena adibide.
Bertako eta eskualdeko pilotariak jokatzen ikusteko aukera paregabea izango da, batez ere Beñat Garmendia beasaindarrak debuta egin zuelako profesionaletan joan den urtarrilaren 5ean eta promozio mailako binakako txapelketan finalerdiak jokatzera iritsi delako. Sarrerak aldez aurretik edo takilan lortu daitezke 25 eurotan. ETBk zuzenean eskainiko du jaialdia.