Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kirola

Lau t’erdiko San Fermin txapelketako pilota jaialdiak Beasainen

2019/06/11

Udalak bultzatu eta babestuta Aspe eta Baiko enpresek antolatutako bi jaialdi burutuko dira lau t’erdiko San Fermin txapelketaren baitan; lehena ekainaren 16an eta bigarrena 23an

Antzizar kiroldegian jokatuko dira bi jaialdiak eta besteak beste Irribarria, Olaizola II, Jaka eta Beñat Garmendia herritarra izango dira lehian

Beasaingo Udalak abiarazitako pilotaren aldeko apustuari eutsiz aurkeztu ditu aurten ere antolatu diren bi pilota jaialdiak. Honela, goi mailako pilotari profesionalen partiduak urte sasoi honetan Beasainen egonkortzeko asmoari jarraipena ematen zaio. Lau t’erdiko San Fermin txapelketaren final zortzirenak jokatuko dira hain zuzen ere Beasaingo Antzizar kiroldegian ekainaren 16an eta 23an. Lehen jaialdia Aspek antolatua da eta bigarrena Baiko enpresak.

Antzizar kiroldegian egindako aurkezpenean Udalaren izenean Aitor Aldasoro enpresetako ordezkariekin jaialdien xehetasunak aurkezten izan da. Honek gogorarazi du hitzordu honekin euskal pilotaren afizioa eta praktika herrian bultzatu eta indartzeko hartutako konpromisoari eusten zaiola, oinarri sendoak ezarriz. Honi lotuta, Murumendi pilota eskolaren garrantzia eta lana aipatu zuen jaialdietan duen parte hartzearekin eta Beasainen pilotaren harrobia indartzeko ahaleginean jaialdi hauek duten garrantzia eta eragina nabarmendu zuen. Bide batez, Beñat Garmendia beasaindar pilotari profesionala jarri zuen emaitza honen eredu.

Enpresen aldetik Inaxio Herrandonea Aspetik eta Unai Iglesias Baiko enpresako gerentea bi jaialdiei buruzko xehetasunak ematen izan dira. Bakoitzak bere ardurapean dagoen jaialdiaren partiduak eta parte hartuko duten pilotariak aurkeztu dituzte. Aurkezpenean bertan izan dira Jaka, Olaizola II, Elezkano II, Arteaga II eta Beñat Garmendia.

Goi mailako pilotariez osatutako jaialdiak

Antzizar kiroldegian jokatuko dira bi jaialdiak. Ekainaren 16ko jaialdia 17:30ean hasiko da. Txapelketako final zortzirenak jokatuko diren partiduak pilotari hauek osatuko dituzte; Elezkano II.a, P. Etxeberriaren aurka eta bestetik Jaka, Irribarriaren aurka. Binakako partiduan Beñat Garmendia beasaindarrak bikotea osatuko du Retegi Bi-rekin eta Ugalde eta Ruizen aurka jokatuko dute.

Bigarren jaialdia ekainaren 23an izango da. 17:00etan hasita Lau t’erdiko San Fermin txapelketaren kanporaketan Olaizola IIak ekainaren 15ean Esteribarren jokatuko den Laso eta Bakaikoaren arteko lehiatik irabazle ateratzen denaren aurka jokatuko du. Jaialdia osatzeko binakako partiduan Victor eta Eskirozek Arteaga II.a eta Aretxabaletaren aurka jokatuko dute.

ETBk zuzenean eskainiko ditu bi jaialdiak. Sarrerak 25 euroan izango dira salgai eta aldez aurretik www.entradasfronton.com helbidean eskuratu ahal izango dira edo Antzizar kiroldegian egunean bertan leihatilan.