Urrezko aizkolarien binakako txapelketa aurten Dolarea parke eraberrituan egingo da
Ospakizun publikorik antolatu ez bada ere, herriko zaindariaren egunean Udalak, Beasaingo bandera balkoietan jartzera gonbidatzen ditu herritarrak
Beasaingo zaindariaren egunean ekitaldi edo ospakizun publikorik ez da izango aurten ere. Osasun egoerak ez du horretarako aukerarik ematen oraingoz eta Beasaingo Udalak herriko elkarteekin batera urtero lantzen duen ohiko egitaraua ez da gauzatzerik izango. Hala ere, zaindariaren omenez egiten den lore eskaintza eta meza egingo dira baina modu mugatuan eta jende pilaketarik gabe .
Bertan behera geratu dira Beasaingo Odolkiaren kofradiaren kapituluari dagozkion ekitaldiak, tartean kofradia kide berrien izendapenak. Halaber, Aranealde erretiratuen elkarteak antolatzen dituen omenaldi eta ospakizunak ere.
Hala eta guztiz ere, otsailaren 5a Loinatzko San Martin misiolari beasaindarra hil zuteneko data izanik haren omenez jai egun izendatutako eguna da Beasainen. Beasaindarron artean egun seinalatua izaten jarraitzeko asmoz, Udalak herritarrei balkoietan Beasaingo bandera jartzeko gonbitea luzatzen die.
Halabaina, eta osasun egoerak hala behartuta dagozkion babes neurriak hartuta, egun honi lotuta azken urteetan burutu den herri kirol ekitaldia aurkeztu dute Beasaingo Udalean Leire Artola alkateak eta Luis Mari Bengoa Egur sport elkarteko ordezkariak. Zazpigarren urtea izango da urrezko aizkolari zein harrijasotzaileek beren onena emango dutena Beasainen. Alkateak aipatu duenez, ekitaldi honek Udalak bertako kirolak sustatzeko duen konpromisoarekin bat dator, “gure nortasunari lotutako kirola baita eta era berean emakumezkoen parte hartzearekin berdintasunaren aldeko irizpideetan denok elkarrekin aurrera urratsak emanez jarraitzen dugula adierazten du”.
Urrezko aizkolarien saioa Dolarea parkean
Honela beraz, Leire Artolak adierazi du egun seinalatu honetan Urrezko aizkolarien binakako Eusko Label txapelketak ez duela hutsik egingo. Aurten eta Dolarea parkea eraberritu ondoren, espazio honek eskaintzen duen aukera aprobetxatu nahi da. Honela jolas parkea izateaz gain, bestelako erabilera izango du ekitaldi honekin. Ur jolasak neguan erabilgarri ez daudenez, kendu eta herri kirolen txapelketa hau burutuko da bertan. Eguraldi ona iragarrita dago eta ingurune paregabea izango da. Aldiz, euria egingo balu orain artean bezala Antzizar kiroldegiko frontoian egingo dela azaldu du alkateak.
Luis Mari Bengoak bere aldetik ekitaldiaren xehetasunak azaldu ditu. Otsailaren 6an, igandea eguerdiko 12:00etan izango da ekitaldia. Egitarauaren arabera Urrezko binakako aizkolarien Eusko Label Saria txapelketan Oier Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia “Basozabal”, Oier Kañamares eta Xuban Kañamares, Juanjo Lopez Azpilikueta eta David Naredo lehiatuko dira. Lana, 33 enbor 6 izakera ezberdinetan moztea izango da.
Urrezko harrijasotzaileen “zortzi arroako hiru harri” txapelketan Xabat Olaizola ariko da eta erabiliko dituen harriak 100 kiloko zilindro zaharra, 100 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola izango dira. Emakumezkoen harrijasotze txapelketan Lierni Osa ariko da lehian harri hauekin; 50 kiloko zilindro zaharra, kubikoa eta bola.
Sarrean doan izango da. Euskal Telebistak ekitaldia grabatuko du eta egun berean arratsaldean emitituko du bere lehen katetik.