Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Loinatz jaietan arduraz eta errespetuz jokatzeko deia

2018/05/03

Jaietako egitarauaren aurkezpenean, errespetuzko jarreren alde eta alkoholaren kontsumo neurrigabea eragozteko egingo den ahalegina azpimarratu dute udal ordezkariek  

Jaiak iragartzeko lepoko zapi berriak eta emakumeen aurkako indarkeria salatzeko laxo moreak jarriko dira salgai herriko denda eta tabernetan

Aitor Merchan Zabaletak egindako kartelak iragarriko ditu aurtengo jaiak

Errespetuan oinarritutako Loinatz jai guztiz alai eta atseginak izatea helburu hartuta aurkeztu da 2018ko Loinatz jaien egitaraua. Udaleko ordezkariek herritarren eta bisitarien ongizatea bermatzeko helburuarekin jaietan ere mantenduko diren prebentzio kanpaina ezberdinak jarri ditu martxan. “Bizi ditzagun!” leloa izango da hain zuzen ere aurtengo jaietan denda eta tabernetan salgai aurkitu ahal izango diren festetan eramateko lepoko zapiak.

Funtsean, alkoholaren kontsumo arduragabea, indarkeria sexista eta lapurretak saihesteko prestatutako kanpainaren barruan burutzen eta burutuko diren ekimenak dira ondorengoak:

  • Alkoholaren gehiegizko kontsumoa
  • Maiatzaren 12an, Testing programa urtero bezala, Zaldizurreta kalean eta iaz martxan jarri zen BotilTZAR edo BotilTXAR  egitasmoa Mozorro egunean, 5 ordutako interbentzioa egingo dute 13:00ean hasita.
  • Merkatari, ostalari eta tabernariei kartelak banatuko zaizkie adin txikikoei alkoholik ez saltzeko.
  • Indarkeria sexista: Indarkeria sexistaren inguruko informazioa programan txertatzeaz gain, kalean informazioa  emateko gunea jarriko da maiatzaren 12an Zaldizurreta kalean eta salgai jarriko dira laxo moreak 50 xentimoren truke.
  • Telefono mugikorren eta karteren lapurretak eragozteko Ertzaintzak emandako aholkuak zabalduko ditu Udalak euskarri ezberdinak erabilita.

Aholku eta mezuei arretaz jarraitzeko gomendioa egin dute udal ordezkariek jaiak zorigaiztorik gabe ahalik eta gehien disfrutatu ahal izateko.

Kartel lehiaketaren sari ematea

      Gaurko aurkezpena kartel lehiaketako irabazleen sari ematearekin hasi da. Kultura saileko zinegotziak, Xabier Matarranzek, maila bakoitzeko irabazleei banatu dizkie ondorengo sariak:

  • Nagusien mailan: Aitor Merchan Zabaletaren lanak jaso ditu boz gehien (600€).
  • B mailan (7-15 urte artekoetan). Nerea Urteaga, Irati Serradilla, Unai Sánchez eta Mouad Slimaniren kartela izan da aukeratua (180€).

loinatzjaiak20183loinatzjaiak20182

Aurten guztira 303 lan jaso dira horietatik 277 lan  7-15 urtekoek bidalitakoak eta 26 lan  heldutan. Beraz, aurten ere gora egin du parte hartzeak, iaz baino 73 lan gehiago aurkeztu dira.

Egitarauan nabarmentzekoak

Ume eta gaztetxoek emango diote jaiei hasiera danbatekoarekin, aurten Andramendi ikastolakoen txanda izango da eta egunero izango dute gozatzeko aukera, besteak beste:

  • Lehenengo ostiralean Erraldoiak eta buruhandiak izango dituzte, herrikoez gain, Iruñeko Alde Zaharrekoak izango dira
  • Bi egunetan, maiatzaren 12an eta 14an jolaserako parkeak izango dira Barandiaran Eguraldi txarra balitz, Ezkiagako frontoian izango dira.
  • Maiatzaren 12an danborrada ere izango dute. Aurten Igartza auzotik irtengo dira.

 

Helduen danborrada ere Igartza auzotik irtengo da 19:00etan, hor joaldia egingo dute  eta ondoren Ezkiagaraino joango dira. Plazako joaldia, 21:00etan izango da. Danborradari lotuta esan, aurten kupel berriak Aitz Zorrotz elkarteak jaso dituela.

loinatzjaiak20184

Elkarteei lotuta ere, sukaldaritza lehiaketan iaz  eman ziren aldaketak mantenduko dira. Platerak hotzak ez iristeko  irtenbidea bilatu da. Elkarteei sukaldatzen hasi aurretik platera entregatu beharreko ordutegia ezarriko zaio, hau da, ez dute bukatuko denek 13:00ean. Hori dela eta epaimahaia 12:30ean hasiko da platerak dastatzen eta epaimahaia bitan banatuko da.  Aurtengo elkarte antolatzailea Jesus Larrañaga izango da eta 12 elkartek parte hartuko dute. Aurtengo platerak: Barazki menestra eta Bakailaoa bizkaiko erara.

Atzegikoek eta Txolartekoek elkarlanean eskainiko dute aurten ere Txistor jana, azken bi urtetan ari diren bezala. Bestelako ekintzetan ere parte hartuko dute, danborradan eta sukalde lehiaketan esaterako.

MUSIKAri dagokionez,  berriro indartsu datoz Loinatzak:

Herriko taldeak izango ditugu  aurten ere, batzuk Bideluze Plazako oholtzan eta beste batzuk Txosna batzordeko  oholtzan, horiek ondoren azalduko duten bezala

Bideluzeko oholtzari dagokionez:

Maiatzak 12: PURO RELAJO nafar taldea eta HELL RYDERS (Musika Eskolako talde bat)

Maiatzak 13: herriko MUNCH taldea eta SU TA GAR

Maiatzak 15: Koadrilen egunerako  LISKER izango da.

Maitzak 18: MARLIK eta ITACA BAND

Maitzak 19: IRATZAR erromeri taldea izango da

Kalean:

Maiatzak 14: kaleko musika izango dugu GRANUJAS taldearekin

Horretaz gain,  txarangak, Musika eskolako banda, txistulariak, perkusio joleak, trikitilariak, kale ikuskizunak, su musikatuak, .... denetik izango dugu Loinatzetan.

Laburtuz, Loinatz jaietako programako ekitaldiak

Ekitaldia

kopurua

Musika ekitaldiak

13

Kale antzerkiak

3

Haurrentzako ekitaldiak

16

Dantza ekitaldiak

10

 

Aurtengo aurrekontua guztira: 117.177.26€

Musika: 43.557€

Haurrentzako programazioa:11.462€

Kale ikuskizun eta animazioa:7.337€