Beasaingo udalak dantza garaikidearen alde egiten du eta “Maiatza dantzan” programaren baitan hiru dantza ikuskizun antolatu ditu Beasainen maiatzerako
Dantzaren eta bereziki dantza garaikidearen alde eginez, Beasaingo Udalak hiru dantza ikuskizun antolatu ditu maiatzerako. Honela, “Maiatza dantzan” egitaraua berriro itzultzen da Beasainera. Sarea, Euskadiko antzoki sareak antolatzen duen 2018ko dantza zirkuituko partaide da Beasaingo Udala eta urtarriletik abendura bitartean Euskal Herrian antolatu diren ikuskizunen zerrendaren barruan aurkitzen dira Beasainen antolatu diren hiru ekitaldiak.
Maiatzeko udal agendan txertatuta dauden hiru ekitaldi hauek berriak izango dira. Udalak dantzarekin duen konpromisoa herriko taldeez gain haratago eraman nahi izan du honela. Hala ere, gaur gaurkoz Udalak Dantzaki, Aurtzaka, Ostadar eta Gala Ballet eskolarekin dituen hitzarmenak, kultur balio gisa, tokiko dantza jarduerarekiko duen konpromisoaren isla dira.
Maiatzaren 10, 17 eta 25ean eskainiko diren dantza garaikidearen ikuskizunekin Udalak urrats bat gehiago eman du. Sareak aurten antolatu duen Dantza zirkuitua hamalaugarrena da eta Beasaini duen populazioaren arabera hiru ekitaldi programatzea egokitu zaio. Udalak hartara, lehen aldiz dantza ekimen mota honetarako aurrekontua jarri zuen eta diru laguntzak jasotzeko aukera izan du herrira honelako ikuskizun mota hau ekartzeko.
Ikuskizunak doan
Ikuskizun guztietarako sarrera doan izango da. Honako konpainia hauek izango dira Beasainen: maiatzaren 10ean Bideluze plazan Sagartu ikuskizuna Oinkari Dantza Taldeak eta Hika Teatroa taldeak eskainiko dute. 17an Bideluze plazan ere, Irradak deituriko ikuskizuna Alurr Dantza Taldearen eskutik ikusi ahal izango da eta azkenik 25eanHariak ikuskizuna eskainiko du Ertza konpainiak Usurbe Antzokian. Maiatzaren 10ean eta 17an euria egingo balu, bi ikuskizunak Usurbe Antzokira pasako dira. Ekitaldi guztiak ordu berean hasiko dira, arratsaldeko 19:30tan.