Beasaingo Udalak euskararen erabilera sustatzeko, Beasain KE, BKL eta Eusport enpresarekin sinatutako hitzarmenaren baitan egindako euskararen erabileraren azterketaz balorazio positiboa egin dute
2019ari begira helburu nagusia taldeetan euskararen presentzia areagotzea izango da eta euskara barneratua dagoela balorean jartzeko bikaintasunaren Bikain zigilua lortzeko ahalegina bideratzea
Euskararen presentzia eta sustapenerako Udalak, Eusport enpresak eta Beasainen herritar gehien biltzen dituzten bi kirol elkarteen artean sinatutako hitzarmenak urte bete egitear dagoenean, balorazio positiboa egin dute arduradunek orain arteko ibildideaz. BKL saskibaloi taldea eta Beasain Kirol Elkartea udalerrian eragin gehien duten elkarteak dira eta egunerokoan euskarak zer nolako presentzia duen jakiteko, Eusport enpresak egoeraren diagnosia egin ondoren emaitzen berri eman du.
Elkarteetako bi zuzendaritzek euskararekiko duten sentsibilizazioa argi geratu zen egindako diagnosian; beraien elkarteetako estrategia garatzean euskara oso presente dute. Euskarak garrantzia du eta barneratuta daukate. Zuzendaritzek euskaraz jarduteko gaitasuna altua dute eta euskararen alde lan egiteko inplikazioa agerian utzi dute. Talde barruko harremanetan oro har euskararen erabilera maiztasunez egiten da eta bere presentzia maila ertain-altua da.
Diagnosi honen aurrean eman beharreko hurrengo pausoak finkatu dituzte Eusport eta herriko elkarteek. Denboraldi hau amaitu bitartean eta 2019an ere, barne mailan, komunikazioan eta zuzendaritzan lan egiten jarraitzea proposatu dute. Zuzendaritzen estrategian euskara barneratua dutela ondorioztaturik, egoera osasuntsu hau komunikazioaren bitartez balorean jartzea garrantzitsutzat jotzen dute. Indar berezia egingo dute beraz entrenatzaileen formakuntzan titulazioak euskaraz jaso ahal izateko.
Honela bada, helburu nagusia kirol elkarteen egunerokoan euskararen presentzia areagotzea izango da eta hori balorean jartzeko bikaintasunerantz bideratuko dira ahaleginak Bikain euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen duen ziurtagiria lortzeko asmoz. Bigarren mailako hainbat helburu ere badira tarteko; komunikazioan euskarak duen egoera osasuntsua mantentzea, barne mailan duen presentzia ertain-altua mantentzea, Udala eta kirol elkarteen arteko egungo koordinazio egokia mantentzea, kirol elkarteek eskaintzen duten formakuntza espezializatuan kalitatea hobetzea eta aipatutako formakuntza euskaraz eskaintzea eta sentsibilizazioan eta hizkuntza ohituren aldaketan eragitea.
“Kirola oinarritik euskaraz”
Euskararen erabilera indartu eta hizkuntzaren erabileraren garrantziaz herritarrak jabetzeko programa da abian jarri zuena Udalak Eusport enpresaren bidez BKLrekin eta Beasain Kirol Elkartearekin. Herritar gehien mugitzen dituzten bi kiroletan eragitea da helburu nagusia, saskibaloia eta futbola, irismena eta emaitza ere ahalik eta handiena izan dadin. Bi kirol elkarteen artean ia mila haur eta gazte biltzen dituzte baina hauekin lotura zuzena duten herritarren sarea bikoiztu edo hirukoiztu egiten da. Horrek, txertatu nahi den euskara programa berri honi sekulako irismena ematen dio.